Udan haur errefuxiatu sahararrak hartzeko familiak behar dituzte

Maria Maya Manterola 2024ko api. 2a, 17:00

Bost haur saharar, Zumaiako Portu txikin. (Darahli)

Oporrak bakean programan izena emateko epea hilaren 15ean itxiko dute, eta gogorarazi dute oraindik ere haur sahararrak uda garaian hartuko dituzten familiak behar dituztela.

Uda bateko besarkada lelopean martxan da Oporrak bakean programa otsailaz geroztik. Egitasmo honi esker, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haur sahararrek udako oporraldia Euskal Herrian igarotzeko aukera izango dute. Programaren sustatzaileek azaldu dutenez, erronka 300 haur saharar Euskal Herrira ekartzea da. Izan ere, pandemiagatik bi urtez programa geldirik eduki ondoren, kopuruak ez dira iritsi izurrite aurreko mailetara: 153 ekarri zituzten duela bi urte eta 183 iaz.

Oporrak bakean egitasmoaren helburu nagusiak haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea –uda sasoian 50 gradu baino gehiagoko tenperaturak izan ohi dituzte, eta hondar ekaitzak ere jasan ditzakete–, ume hauen osasuna hobetzea elikadura orekatuaren bitartez, oinarrizko osasun-azterketak egitea eta beste errealitate bat bizitzeko aukera eskaintzea dira, hizkuntza zein kultura berri bat ezagutzea, alegia.

Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duen Darahli elkarteak eskualdeko familiak animatu nahi ditu programan parte hartzera. "Hamaika arrazoi daude abentura honetara batzeko! Hala nola, familiako kide berri batekin uda ahaztezina igarotzea; elkartasunean, aniztasunean eta kulturartekotasunean oinarritutako esperientziak bizitzeko aukera; saharar herriaren egoera eta auzia zuzen-zuzenean ezagutzea, eta abar luze bat", azpimarratu dute.

Harrera-familia izateko interesa duten edo programaren inguruko informazio nahi duten familiak Darahli elkartearekin jar daitezke harremanetan darahlizumaia@gmail.com helbidera idatzita edota 605 70 14 63 telefono zenbakira deituta, hilaren 15a baino lehen.