Jurdan Arakistain Zumaiako Pilota Elkarteko atzelari zestoarrak Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusia irabazi du gaur eguerdian, adimen urritasuna duten pertsonen kategorian. Eneko Sagarmendi mutrikuarrarekin osatu du bikotea Arakistainek eta gerriko urdinarekin aritu dira Iñaki Divasson zarauztarraren eta Iraitz Huegun donostiarraren aurka. Nagusitasunez irabaztea lortu dute urdinek: 25-13.
Atzekoz aurrerako partida egin dute Arakistainek eta Sagarmendik; izan ere, gorriek aurrea hartu dute markagailuan partidaren hasieran eta bost tantoko abantaila lortu dute (7-2). Nolanahi ere, urdinek eusten jakin dute eta norgehiagoka orekatu dute bost tanto erreskadan egin ondoren. Behin txanpa ona hartuta, jarraipena eman diote, eta, tanto bat bestearen atzetik egin dute, markagailuko azken emaitzak erakutsi dute 25-13ra heldu arte.
Hori horrela, emaitzarekin gustura agertu da Arakistain, bere "lehenengo txapela" eskuratu duelako. Aitortu duenez, jada egin dio tokia garaikurrari etxean: "Nire logelan jarriko dut orain arte lortu ditudan gainerako kopen gainean". Atzelari zestoarrak sekulako partida eginda, gainera, jaurti dizkioten pilota guztiak itzuli baititu. Zentzu horretan, bere gertukoen babesa eta animoak lagungarriak izan zaizkio; izan ere, senideak, lagunak eta Zumaiako Pilota Elkarteko taldekideak joan zaizkio ikustera.
Urritasun fisikoa pilotarien kategorian, bestalde, Aingeru Senperena bidaniarra eta Edorta de Anta lekunberriarra nagusitu dira Beñat Lizaso oiartzuarrari eta Asier Navaridas sunbildarrari 25-10 irabazita. Senperena eta de Ante gerriko urdinarekin aritu dira eta ezustekoa eman dute, Lizaso eta Navaridas baitziren garaipena eskuratzeko faboritoak.
Ikusi hemen Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiko finalen argazki bilduma osoa.