"Ai saliño, saliño, gaixua"

Amaiur Aristi Arregi 2024ko mar. 27a, 13:30
Zahagi-dantza, Zumaian. (Luis Mari Aizpurua ateratako eta Begoña Ostolazak utzitako argazkia)

San Telmo egunaren biharamunean dantzatzen zuten zahagi-dantzaz idatzi du Amaiur Aristi Arregi kazetari zestoarrak dantzan.eus web atarian. Haren lehengusuaren amona Begoña Ostolaza zumaiarraren testigantzekin osatu du artikulua.

“Makilarekin jotzen zuten, beti berdina. Joaten ziren lurrean joaz ai saliño, saliño... gero goratzen ziren, gurutzatzen zuten eta gero bum! zahagiari jo”, hala gogoratzen du Begoña Ostolazak (1935) bere senar zenak, Joakin Urkidik (1936) eta kuadrillak Zumaian dantzatzen zuten zahagi-dantza.

Zumaiako zahagi-dantzariak ageri diren argazkia Baleiken ikusi nuen lehen aldiz, Luis Mari Aizpuruak eginikoa 1950-1960 inguruan edo. Alboko herrikoa izanda kuriositatea piztu zitzaidan, egun ez baita egiten halakorik. Aitari galdetu nion, zumaiarra baita, eta segituan Zumaiako moilara lagundu zidan, adineko gizonen bila, haiek arrastoren bat izango zutelakoan. Eguraldi makurra aukeratu genuen eta han ez zen inor ageri, baina segituan etorri zitzaigun argiunea. "Onena amama Begoñari galdetzea", Begoña Ostolaza gure lehengusuen amona da, eta argazkian bere senarra eta koinatua ageri dira. Telefonoz deitu nion eta igotzeko gora, etxean zela eta. Hantxe hartu ninduen ohikoa duen irribarre eta patxadaz, bere hitz etorri ederrarekin.

Argazkia erakutsi diot Begoñari, dantzan ageri diren denak ez badira, ia denak, hilda daudela dio, baina Ostolazak baditu oroitzapenak: "Sanga kuadrilla zen gure Joakinena eta. Nik ez dut beste kuadrillarik ezagutu, beti berauek egiten zuten”. Zahagia beti berdinek eramaten zutela dio, “Agustin Txapartegik eta Victoriano Urkidi, nire koinatuak. Horiek umetatik pasa zuten polio eta gelditu ziren hanka batean indar gutxiagorekin. Horiek joaten ziren zahagiarekin eta beste denak makilarekin".

Santelmo bigarrenean, asteartez dantzatzen omen zuten. San Telmo Eguna egutegiaren arabera apirilaren 14a bada ere, urteak dira Pazko igandetik zortzi egunetara ospatzen dela herriko egun handia. Gazte kuadrilla mahoizko arropa urdinekin ateratzen zen dantzara, "gehienak arrantzaleak ziren, itsasoan ibiltzen ziren, laneko arroparekin dantzatzen zuten, itsasora horrela joaten ziren, baita beste edozein tailerretara ere. Argazkiko gehienak itsasoko jendea da, ibilitakoa edo zebilena".

Marinelen jaia, dantza eta ardorik ezin falta

Egun santelmoak dira Zumaiako jai nagusiak, baina garai batean ez zen hala, "lehen San Telmo egunean eskolara joaten ginen. Orduan San Pedro zen guretzako festarik handiena". San Telmo jaia arrantzaleen eta San Telmo kalean bizi zirenen festa zen, "marinelak etxean gelditzen ziren egun haietan, antxoetako denbora zen, udaberri garaia. Orduan egiten zuten jai. Pare bat egun hartzen zituzten, hirugarrengoan itsasora".

Kofradia bueltan ibiltzen zen jendeak edo San Telmo kalean bizi zirenek bakarrik ospatzen zutela kontatzen du Ostolazak, "haiek kale osoa banderekin apaintzen zuten (orain ere bai). Eta gero beste jende bat batzen zen, behar bada itsasoaren bueltan lana egiten zutenak eta". Senarra San Telmo kalekoa zuen, "ni ezkondu nintzenean, han ikusi nuen ze ohitura zeuden eta nola zelebratzen zuten. Orduan lagunak, parienteak etxean hartzen zituzten. Salda eta eskaintzen zitzaien".

Artikulua osorik irakurtzeko jarraitu hemen.