Etxabetarrak, zaldizko zumaiarrak

Erredakzioa 2024ko api. 12a, 12:00

Ibon eta Eneritz Etxabe aita-alabak dira santelmoetan Itzurun hondartzan jokatzen dituzten zaldi lasterketen antolatzaileetako bi. Lan handia izan arren, «gustura» egiten dutela adierazi dute.

Duela hogei urte, Zumaian bazen zaldi lasterketak gustuko zituztenen talde bat. Herriz herri ibili ohi ziren horiek, han eta hemen antolatzen zituzten zaldi lasterketetan parte hartzen. Ibon Etxabe zen horietako bat. Bururatu zitzaien Zumaiako hondartza leku aproposa izan zitekeela lasterketa bat antolatzeko, eta pentsatu eta egin. Horrela hasi ziren Zumaiako santelmoetako zaldi lasterketak antolatzen.

Lehen urte haietan, norbanako gisa antolatzen zituzten lasterketak, eta diru laguntzak lortu ahal izateko eskaerak elkarte desberdinen bidez egiten zituzten. Handik urte batzuetara, ordea, egoera erregularizatzeko urratsa egitea erabaki zuten eta elkartea sortu zuten: Motxanekua zaldi elkartea.

Taldeak urte gutxiago dituen arren, aurtengo santelmoetan 20. urteurrena beteko dute Itzurungo zaldi lasterketek, eta herritarrek hitzordu berezitzat dituzte festen egitarauan. Urtero-urtero leporaino betetzen dute Itzurun hondartza zaldiez eta ikuskizunaz gozatzera bertaratzen diren herritarrek. Horrek guztiak, ordea, atzeko lan handia du: "Lan asko egiten dugu. Bi hilabete lehenago hasten gara lasterketetan parte hartzeko prest daudenen bila. Gero, horien gainean egon behar duzu, etorriko diren zaldien txar- telek arautegia betetzen dutela baieztatu, aldundira bidali eta albaitariaren onespena jaso", azaldu du Etxabek.

Horrez gain, zirkuitua muntatzeak ere lan handia du, eta laguntza behar izaten dute horretarako. "Zinta eta hesola asko jarri behar izaten dira, eta jende askoren laguntza behar izaten dugu horretarako; 30-35 lagun aritzen gara horretan bakarrik", gaineratu du Eneritz Etxabek, Ibon Etxaberen alabak.

 Gaur egun, gainera, animaliekin egiten diren ekitaldiek arautegi zorrotza dute: "Oso zorrotz jarriak daude bai zaldiekin eta bai ikusleekin. Hala, zaldientzako gunean ezin dute sartu ikusleek, eta hondartzara jaisteko ere zaldiek beren bide propioa dute, herritarrengatik bereizita".

Lasterketetan parte hartzen

Kirol ugari probatu eta gero, zaldi lasterketetan parte hartzen berandu hasi zela esan du Etxabek: "40 urte ingururekin". Emaztea baserritarra izanik, baserrira joan ziren bizitzera, eta alabak hamar urte zituela, zaldi bat oparitzea erabaki zuen: "Gehiago izan zen niretzako oparia, beretzako oparia baino", gogora ekarri du, barrez. "Zumaian baziren zaldi lasterketetan ibiltzen ziren batzuk, haiekin hasi nintzen, eta neure burua prest ikusi nuenean, Zumaiako proban parte hartu nuen".

"Betiko ametsa izan dut zaldi lasterketetan parte hartzea"

Eneritzek, aldiz, 14 urterekin egin zuen debuta zaldi lasterketetan, Abaltzisketan (Gipuzkoa), eta handik urte batzuetara, Abaltzisketan bertan lortu zuen lehenbiziko garaipena. "Betiko ametsa izan dut lasterketetan parte hartzea. Abaltzisketakoa, gainera, dagoen berezienetakoa da, bi kilometro eta erdiko igoera delako, asfaltoan. Horregatik, lasterketa irabaz- tea ikaragarria izan zen", azaldu du gazteak.

Zumaiako lasterketa, berriz, arrisku handikoa dela nabarmendu du, "zaldiek abiadura handia harrapatzen dutelako eta bihurguneak oso itxiak direlako". Sustoren bat edo beste izandakoak direla kontatu du. "Behin, lasterketa batean, lurrera erori nintzen, eta aitak, berriz, bi saihets apurtu zituen". Hala ere, gustuko plaza duela onartu du gazteak: "Azkenean, adrenalina da, eta oso gustukoa dut hori sentitzea".

Etorkizuna

Garai batean Gipuzkoako eta Euskal Herriko hondartza ugaritan egiten ziren zaldi lasterketak, baina, gaur egun, Zumaiakoak bakarrik jarraitzen du. "Zaldiek gastu ikaragarria dute, diruz nahiz denboraz. Asko zaindu be- har dira, eta horrek, poliki-poliki, lasterketak gutxitzea ekarri du". Zumaian, ordea, tradizioarekin jarraitzeko asmoa dute: "Jendea gustura etortzen da, santelmoetako ekitaldirik jendetsuena dela esan dezakegu, eta gainera, gero eta neska gehiagok parte hartzen dute. Hasi nintzenean, erreferente bakarra nuen, baina orain, gehiago daude, eta aurten, adibidez, Zumaian lau emakume izango gara. Hori oso positiboa da", esan du Eneritzek.

"Zumaiako zaldi lasterketak jarraituko dute laguntza dagoen bitartean. Horregatik, zumaiarrei eta inguruko herritarrei santelmoetan Itzurunera bertaratu eta ondo pasatzeko deia luzatu nahi diegu", amaitu du Ibonek.