Ainhoa Altzibar: “Makinekin saiatu diren arren, ez dituzte konbentzitu, eta garbi gelditu da hobe dela eskuz konpontzea sareak”

Erredakzioa 2024ko api. 10a, 12:00

Marinelen zaindaria da San Telmo, baina marinel horiek ezingo lukete lanik egin sareak puskatuta izanez gero. Sareak konpontzen aritzen da Ainhoa Altzibar (Zumaia, 1965) Getariako portuan.

Nola hasi zinen saregile lanetan?

2002. edo 2003. urtea izango zen. Nire senarra arrantzalea zen, itsasontziko patroia. Hala, sareak konpontzeari ekin nion. Hiru bat urtez aritu nintzen horretan, eta sareak josten ikasteko denbora bakarrik eman zidan. Gero, ordea, banandu egin ginen, eta lana uztea erabaki nuen. Duela hiru urte berriro hasi nintzen, eta horretan nabil.

Zein portutan aritu zara lanean urte horietan?

Getariako portuan aritu naiz beti, baina egokitu izan zait Oriora joatea, haiek laguntza behar eta eskatu izan dutenetan. Gaur egun, ordea, ez da arrainaren salmentarik egiten Orion, eta Getariara joaten dira sareak konpondu behar badituzte. Konponketa handiak direnean, berriz, elkarri laguntzen diogu beti.

Nolakoa da saregilearen egunerokotasuna?

Adibidez, orain [joan zen astean egindako elkarrizketa da] guardian nago, eta horregatik, gaur gauean edozein ordutan jar daitezke harremanetan nirekin itsasontziren bateko sarea puskatuz gero. 07:30ean Getariako saregileen taldera idazten dugu, lanera joaterako dena ondo antolatuta izateko; horrela, itsasontziaren izena, ontzia portura iritsi al den, nolako konponketa behar duen sareak... dena zehaztuta gelditzen da. Izan ere, sarea hamaika modutan hautsi daiteke, eta beraz, horren araberako konponketa egin behar da, eta baliteke pertsona bat, bi edo hiru behar izatea. Itsasontzi bakoitzak bere saregile arduraduna izaten du, eta arduradun hori da informazioaz eta kudeaketaz arduratu behar dena.

Hala, abisua jaso bada, lanera joaten gara 09:00etan, eta 12:30era arte aritzen gara; bazkaltzeko tartea izaten dugu segidan, eta 14:00etan berriro hasten gara lanean. Amaitu arte edo argia dagoen bitartean jarduten gara. Tentsioa izaten dugu itsasontziak presa badu, itsasora azkar itzuli behar badu. Egun batzuk lasaiak izaten ditugu, eta horietan lonjan bestelako lanak egiteko aprobetxatzen dugu. Beti dago zeregina.

Eguraldiak ere eragina izango du, ezta?

Eguzkitarako naiz euritarako prest egon behar izaten dugu. Eguzkitarako itzalkinak ditugu, eta euria ari badu, ari duen euri kopuruaren arabera, sareak gordetzeko lekura sartzen gara, edota karpak ere jartzen ditugu. Ekaitzik ez bada, behintzat, karpa horiek ondo eusten dute.

Fisikoki gogorra al da lana?

Postura edo jarrera zaindu behar dugu. Garai batean aulki oso baxuak erabiltzen genituen, baina orain, aulki bereziak ditugu, altuagoak, tolesgarriak; poste gisako zerbait dute, eta bertan katigatzen dugu sarea. Aurreko aulkietan hanketan katigatu behar izaten genuen sarea, eta orain, poste horri esker, errazago egiten dugu lana. Hala ere, jarrera zaindu behar dugu, oharkabean sorbaldak eta bizkarra gogortzen zaizkigulako, eta noizean behin, horiek askatzea komeni da.

Asko laguntzen digute egun ontzietan lan egiten duten senegaldarrek. Izan ere, ondo ulertzen dute sarea, eta ontzia portura iristerako, sarearen arazoa non hasten eta non amaitzen den adierazita izaten dute, plastiko tira batzuen bitartez. Oso abilak dira.

Eskuz egin beharreko lana da saregileena, baina noizbait aritu al zarete makinekin?

Asmatu zuten sareak josteko makina bat... ez zuen arrakastarik izan. Alde batetik eta bestetik sare zati desberdinak hartzen zituen, eta josi egiten zituen, baina odolki moduan gelditzen zen. Horrez gain, makina bera mugitzeko eta erabiltzeko norbait behar zen. Makinekin gure lana ordezkatzen saiatu diren arren, ez dituzte konbentzitu, eta garbi gelditu da hobe dela eskuz konpontzea sareak.

Lana bera eta lana egiteko modua, beraz, ez dira gehiegi al- datu urteetan zehar.

Ez, aldaketa nagusia emakumeetan izan da; arrantzaleen emazteak, alabak, amak... ziren lehen saregile aritzen zirenak; etxeko emakumeak, musu truk lanean. Orain, behintzat, poliki-poliki lortu dugu soldata izatea. Baina gero eta pertsona gutxiago gaude; Getarian, adibidez, iaz hamalau ginen, horietatik bost jubilatu ziren, eta orain bederatzi gaude. Beste bi erretiroa hartzekoak dira aurten...

Zuen ogibideak zer-nolako etorkizuna duela uste duzu?

Jende berririk ez da animatzen saregile lana egitera. Egia da ikastaroak antolatzen dituztela ziurtagiriak lortu ahal izateko, baina pertsona gehiago behar dira. Lan gehienetan gertatzen den bezala, ikastaroetan ikasi dezakezu zerbait, baina gero eginez ikasten da gehien. Etorkizuna? Gauza bakarra dago garbi: arrainak sarearekin arrantzatzen dira. Ondo dago ikastaroak ematea, baina hori baino gehiago eskaini behar da: etorkizunerako zerbait. Hipoteka bat ordaindu behar baduzu edo familia bat sostengatu, soldata behar duzu, eta hori ziurtatu behar da. Zaila da.

Iristear dira santelmoak. Nola bizi dituzu festak?

San Telmo ez da Zumaiako patroia, baina herrian maiteena da. Gaztetan beste modu batera bizi nituen; orain, lanaren eta gogoaren arabera bizi ditut. Hala ere, bizpahiru ekitalditara joaten naiz: banderaren igoerara, eta San Telmo egunean, San Telmo kalera hamaiketakoa egitera.