Kanpotik datozen zumaiarrak

Erredakzioa 2024ko api. 6a, 10:00

Telmo Trenado, Elene Mendizabal, Mikel Zubimendi, Josu Arano eta Ainhoa Azpeitia herritik kanpo bizi diren zumaiarrak dira, baina santelmoetan hutsik egingo ez dutenak dira. Honako galdera honi erantzun diote horiek: zergatik etortzen zara santelmoetan Zumaiara?

Telmo Trenado

Madrilen du eraikia bizimodua Telmo Trenadok aspalditik, eta sare sozialak ditu bizimodu: eduki sortzailea da. Hala eta guztiz ere, santelmoetako datak Zu- maiara itzultzeko gordeta izaten dituela onartu du. "Ezin ditut santelmoak galdu, gutxiago Telmo izena izanda. Hori bai, Zumaiako poteoaren erritmoa ezin dut jarraitu dagoeneko, eta lehen edo bigarren asteburuan joaten naiz herrira; ezin dut bietan, luze egiten zait bestela", azaldu du barrez.

Azken urteetan, gainera, are bereziagoak dira jaiak Trenadorentzat, Madrilgo lagunak eramaten baititu Zumaiara: "Madrilgo eta Zumaiako lagunek bat egitea gustatzen zait, nire bi munduak elkartzen baitira. Gainera, aurrez aurre ez ezagutu arren, nire bideoetan ikusi dira, eta kuriosoa egiten da nola dakizkiten elkarren izenak eta badakiten zein diren. Gainera, santelmoek badute kuadrilla desberdinak batzeko gaitasun hori, eta gaur egun, bakoitzak bere zilborrera begiratzen duen garai honetan, polita da batze sentipen hori".

Ekitaldiz betetako festetan, Trenadok baditu ohitura bihur- tutako hainbat ekintza edo galdu ezin dituen hitzorduak: "Lagunekin elkartu eta bazkaria, afaria edota poteoa beti egiten dugu. Horrez gain, familiarekin ere bazkaria egiten dugu San Telmo egunean, eta danborrada ikustera ere joaten naiz; amak irteten du urtero, eta hura ikusi ‘beharra’ izaten dut. Urte batean ez nintzen ama ikustera irten, eta sekulako pena izan zuen. Ordutik urtero joaten naiz danborrada ikustera".

Elene Mendizabal

Irailean joan zen Elene Mendizabal Madrilera ikasketak egitera, baina santelmoetan Zumaiara itzultzeko asmoa du. Hala ere, ez daki itzuli ahalko den, praktikak egiten hasi baita enpresa batean. "Praktikak egiten ari garenok ezin ditugula oporrak hartu esan digute, baina ni saiatuko naiz. Gutxienez, ea apirilaren 8ko eguna libre ematen didaten. Beti egon izan naiz festetan; Norvegian izan nintzen Erasmus bekaren bidez, eta handik itzultzeko aitzakia bakarra izan ziren San Telmo jaiak. Oraingoan ere, gauza bera egiten saiatuko naiz. Ikaragarri gustatzen zaizkit santelmoak. Ea lortzen dudan".

Asko gustatzen zaizkion festak izanagatik, ohitura berezirik ez duela adierazi du Mendizabalek: "Arratsaldeetan poteora ateratzen gara kuadrillakoak, elektrotxarangek jartzen duten giroa gustatzen zaigu. Hori bai, bandera igotzeko egunean kuadrillakoek afaria egiten dugu elkartean, eta gero denok batera joaten gara banderaren igoeraren ekitaldia ikustera", azaldu du. Bandera igoera eta jaitsiera dira, hain zuzen ere, Mendizabalen ekitaldirik gustukoenak: "Herri guztia arrantzalez jantzita ikustea, San Telmo Martxa entzunez, egoten den giroa... Urrea da une hori. Jaitsieran jende gutxiago izaten da, eta niri izugarrizko pena ematen dit, festak amaitzera doazela esan nahi duelako. Era berean, ordea, oso une berezia iruditzen zait. Zumaia guztia biltzen den festak dira, eta polita iruditzen zait hori".

Mikel Zubimendi

Versaillesen (Frantzia) bizi da Mikel Zubimendi, 2013an Ingeniaritza Industrialeko azken ikasturtea egitera hara joan zenetik. Hamar urtez Zumaiatik kanpo bizi den arren, Zumaia memorian mantentzen jarraitzen du hark, eta santelmoak ezinbesteko hitzordua izaten ditu sarritan.

"Aurten repetizioetako asteburuan joatea pentsatua neukan, opor egun bat edo beste hartuta, baina laneko azken orduko agenda aldaketa batzuk direla eta, oraindik ez dakit joaterik izango dudan. Baina etxetik lana egiteko aukerarekin, agenda pixka bat moldatuz gero, eta treneko wifi-arengan konfiantza osoa izanik, posible litzateke!", azaldu du.

Egunerokotasunetik irten eta lagunekin elkartzea du gustuko Zubimendik, eta festetako egitarauaren barruko ekintza askotan parte hartzen du: txupinazoan, kontzertuetan, danborradan, San Telmo eguneko prozesioan eta mezan, banderaren igoeran eta jaitsieran... "Santelmoen definizio azkar bat egin beharko banu, zazpi bat egunez herritar desberdinak elkarrekin festak ospatzen egoten direla esango nuke, urtero, gutxi gorabehera, errepikatu egiten den formatuan. Errepikatzen den formatu bat izateak segurtasuna ematen du, gustukoa dugun hori ezagutzen dugulako, baina, aldi berean, horrek ez du kentzen urte bakoitzean anekdota edo bizipen desberdinak izatea. Gustu eta era askotako herritarrak festan batera ematen dion kutsu berezia da".

Josu Arano

Duela hiru urte joan zen Josu Arano Kopenhagera (Danimarka), ikasketak medio, eta horiek amaituta, gaur egun, bertan ari da lanean. Aste Santua iristearekin batera, ordea, Zumaiara begira jartzen da Arano. "Aurten ere bertan izango naiz, dagoeneko hartua dut hegazkina; urte hasieran hartu nuen!", esan du.

Santelmoak ondo aprobetxatzen saiatzen da Arano, ostiraletik astelehenera etorriz herrira, denbora gehiago izan dezan familiarekin egon eta lagunekin elkartzeko. "Ohitura gisa, Zumaiako kuadrillarekin bazkaria egiten dugu larunbatean, eta banderaren jaitsierara ere joaten gara, zumaiar ia guztiak bezala".

San Telmo jaietako oroitzapen "oso onak" dituela dio Aranok: "Sozialki oso bereziak dira; zumaiarron arteko harremana estutzen da festetan, eta xarma berezia dute. Urtean hirutan itzultzen naiz etxera, udan, Gabonetan eta santelmoetan, eta lagunak libre dauden garai bakarra izaten da festetakoa. Lagunekin denbora gehien pasa dezakedan unea da, eta asko gustatzen zait hori. Izan ere, santelmoak oso bereziak dira zumaiarrontzat, eta ‘kontratu’ gisako zerbait sinatuta dugu festetan ahalik eta gehien irteteko kalera. Oso polita da hori", amaitu du.

Ainhoa Azpeitia

Bizitza aldaketa handia egin zuen Ainhoa Azpeitiak, bere familiarekin batera, 2023ko uztailean. Izan ere, Zumaia Coloradogatik (Ameriketako Estatu Batuak) aldatu zuen, eta Lovelanden bizi da ordutik.

Senarra eta biak gaztelaniako irakasle gisa ari dira lanean hango eskola batean, eta, beraz, aurtengo santelmoetan ezingo dute Zumaiako festez eta giroaz gozatu. Hala ere, familia gertu izango dute, bisitan joango baitira Lovelandera.

Dena den, San Telmo festen falta sumatuko duela onartu du Azpeitiak: "Batik bat, kuadrillakoekin batera egiten genituen bazkariena, eta gurasoekin batera olagarro zopa jatera joaten ginen uneena. San Telmo festetan herria eta herritarrak nola girotzen diren ikustea oso polita izaten da. Gehien gustatzen zaidana kaleko txaranga izaten da, baita bandera jaitsiera ere".