Pello Etxabe: "Ezusteko atsegina izan da bandera igotzeko hautatzea"

Erredakzioa 2024ko api. 5a, 09:44

Pello Etxabe izango da aurtengo santelmoetan bandera igoko duen herritarra. Itsasoan bizitako guztia gogora ekartzeko balio izan dio izendapenak.

"Ezustean" hartu du Pello Etxabek (Zumaia, 1947) San Telmo jaietako bandera igoeran protagonista izateko aukera. Izan ere, duela hamazazpi urte hartu zuen erretiroa itsasoko lanetatik, eta urte horietan guztietan berarekin kontatu ez zutenez, berarekin "ahaztuak-edo" izango zirela uste zuen. Aurten, ordea, santelmoetan bandera igotzeko «ohorea» izango du, eta "oso pozik" hartu du albistea.

Ia hogei urte egin zituen Etxabek itsasoan. Aurretik enpresa batean egiten zuen lan, makinak konpontzen: "1986. urtearen ingurua izango zen, eta langabezia handia zegoen Zumaian. Makinak konpontzen aritzen nintzen, eta lan gutxi genuenez, itsasora jo behar izan nuen. Gizonak behar zituzten garai hartan, eta lehorreko lana utzi eta itsasoan hastea erabaki nuen. Ezin nuen ezer egin gabe gelditu jubilatu bitartean, eta itsasoan soldata irabazteko aukera izango nuenez, poz horrekin hasi nintzen lanean".

Itsasokoa lanbide gogorra dela onartu du Etxabek, batik bat, adinean aurrera egin ahala: "Sasoian egonez gero, ondo jasan dezakezu, baina, adinean aurrera zoazela, zailagoa eta gogorragoa egiten zaizu. Soldata lortzeko lan bikoitza ere egin behar duzu, arrain kopuru bikoitza arrantzatu... Eta guztiak horrek, asko eragiten dizu azkenean. Lanak eta adinak ez dute barkatzen. Zahartzen zoazen heinean, sasoia galtzen joaten zara, eta ezin diozu gazteen mailari eutsi".

"Gizonak behar zituzten garai hartan, eta lehorreko lana utzi eta itsasoan hastea erabaki nuen"

Hori guztia gutxi ez balitz bezala, itsasoa harro egonez gero, "lan bikoitza egin behar izaten da, eta gainera, beldurra gehitu behar diozu lanari".

Urte horietan, San Telmo festak bizitzeko aukerarik ez zuen izan Etxabek, arrantzarako une aproposena izaten baitzen Aste Santu ingurua. "Ilberria egokitzen da San Telmo egunaren bueltan, eta antxoak arrantzatzeko aproposa izaten da. Beraz, astelehenean baporeak utziz gero, aste guztiko arrantzaren zati handi bat galtzen duzu, eta hori norbaiti gertatu bazaio, badaki zertaz ari naizen...".

Itsasoan bizitako guztia oroitzeko balio izan dio bandera igotzeko hautatua izateak, eta egunean bertan ere itsasoa eta oroitzapen guztiak gogoan izango dituela uste du: "Itsasoan egindako lana, han egindako lagunak... denak gogoan izango ditut. Era berean, ilusioa egiten du herritarrek gogoratzea marinela izan zarela", gaineratu du.

Bandera igotzeko momentuan ez du uste urduritasunak irabaziko dionik: "Ez diot inori ezer zor, eta, momentuz, ez nago urduri; eta egunean bertan ere ez dut uste egongo naizenik. Nire festarik gustukoenak dira santelmoak, herrikoienak, zumaiar denok bat egiten dugun datak dira, eta ea aurtengoan ere horrela izaten den!".