Iritzia

Santelmoak niretzat

Yoli Larios 2024ko api. 2a, 10:30

Argazkia: Peio Romatet.

Yoli Lariosek Baleike Gukak San Telmo festak direla-eta kaleratu duen egunkariko idatzitako edukia da honako hau.

San Telmo jaien inguruko nire lehenengo oroitzapenak barraketakoak dira. Umetan, tiobiboetan bueltaka, behin eta berriz; txurroen usaina inguru guztian; eta ni amorratzen azukrezko kotoia jateko. Izan ere, festetan bakarrik nuen hori jateko aukera.

Ondorengo urteetako irudiak, nola ez, karratudun zapi urdin eta zuria lepoan eta katiuskak jantzita kalera euritan irteten nintzenekoak dira, santelmoak gehienetan euritan igaro izanaren sentipena baitut. Baina umeak ginenean horrek ez zigun ardura izaten, ohe elastikoan ez ginen bustitzen eta. A zer oroitzapen onak! Sobre sorpesak ere oso gustukoak nituen, oparia ziztrina egokituta ere.

Nire lehendabiziko parrandak ere santelmoetan bota nituen: lagunekin kalean egun osoan, denak uniforme urdina jantzita, eta egun horretarako nuen paga guztia autotxokeetan gastatzen.

Txikitan ez nuen inoiz parte hartu haurren danborradan, baina, gero, 18 urterekin, kuadrillako batzuek izena eman genuen helduen danborradan irten ahal izateko. Hasieran aitzakia besterik ez zen beste parranda egun bat izateko, baina urte hartatik aurrera, urtero parte hartu dut ekitaldi horretan. Ezin dut azaldu zergatik, baina danbor hotsen mendera erori nintzen...

Onartu beharra dut; niretzat ekitaldi oso berezia da, horrenbeste urte pasa eta gero, oraindik ere urduri jartzen nau danborradan ateratzeak, benetan sentimendu berezia sortzen dit barruan. Askorentzako barregarria izan daiteke, baina horrela sentitzen dut nik.

"Bereziak dira santelmoak denontzat, herritar gehienek hartzen dugu parte festetan, baita urte guztian zehar kanpoan bizi direnek ere, egun horietan herrira itzulita"

Urte batzuetan danborradako zuzendarietako bat izateko aukera izan nuen, barriken zuzendaria, hain zuzen ere. Ardura handia da horrenbeste pertsonaren aurrean jartzea, erakustea, laguntzea, haserretzea... Baina horrek guztiak benetan merezi du eguna iristean; denok elkarrekin danborradaz gozatzea, zerura begira euririk egin ez dezan, tarte horretan behintzat.

San Telmo kalean danborradako partaide guztiak jarrita, zuzendariak aulkiaren gainean, danbor joleak eta ikusleak isilik, eta San Telmo Martxa-ren doinuak hasten. Momentu hori ikaragarria da. Ondoren, Erribera kalean sartu nahian, jendez gainezka, ezin kabitu, eta jendetza abesten hastea berriro San Telmo Martxa hastean. Magikoa da!
 
Zuzendari gisa, benetan hunkigarria da une hori. Herritar asko negarrez, emozioz gainezka, gazte guztiak alde batetik bestera dantzan, balkoi guztiak jendez beteta... Niretzako oso zirraragarria da, eta ohore bat hori bizi izana.
 

Ilara hauen bidez txalotu nahiko nuke danborrada aurrera eramaten duen boluntario talde txikia, gaur egun lagun bihurtu diren pertsonak. Benetan eskertzekoa da beraiek egiten duten lana, musu truk jarduten direlako, euren aisialdiko ordu asko eskainita, danborradak ondo atera daitezen.

Bereziak dira santelmoak denontzat, herritar gehienek hartzen dugu parte festetan, baita urte guztian zehar kanpoan bizi direnek ere, egun horietan herrira itzulita. Ekitaldi ugari egoten dira egunero, mota guztietakok: bertso saioak, elizkizunak, dantzak, bertsio gaua... Eta guztiak musikaz lagunduta; zer izango ote lirateke santelmoak musikarik gabe?

Aurten ere elkar ikusiko dugu guztiok herriko kaleetan, gure festa kutunaz gozatzen.

Ondo pasa festak eta gora San Telmo!