Aritz Erkiaga: "Konpromiso handia dugu txapelketa guztietan %100a emateko"

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 23a, 14:00
Aritz Erkiaga IƱaki Osa Goikoetxearekin. (Juan Luis Romatet)

Zesta Puntako rankingeko liderra da gaur egun Aritz Erkiaga aurrelaria. Ispasterreko puntista Zumaia Master Seriesean arituko da Unai Uranga zumaiarrarekin bikotea osatuta. Kirol honek azken urteotan bizi izan duen berpizteaz hitz egin du hedabide honekin.

Zesta punta susperraldi ari da bizitzan azken urteotan, eta erdi hilda egotetik harmailak betetzera pasatu da. Nola bizi duzu aldaketa hau?

Erdi hilda baino gehiago egon zen. Denok txarrena espero genuen. Amerika izan zen gure bizitzeko modua eta Euskal Herrian bi hilabeteko denboraldiak izaten ziren. Ez zen egoera onena ez gu bizi ahal izateko ez gazteak motibatzeko ere. Winter Seriesa antolatzen hasi zirenean nik ez nuen esperantza handirik. Aurkezpenean esan zen partidak arratsaldez jokatuko zirela eta gero gauez emango zirela telebista bidez Conquisaren ordu berean, eta esperantza handirik ez geneukan. Egia esan, denontzako izan zen sorpresa bat, jendeari arreta sortu zion eta telebistan aterata gure aurpegiak ezagun egin ziren. Poztekoa da ez dela izan urtebeteko kontua eta segitzen duela. 

Harmailak beteta daudela jokatzea ere pilotarientzako gauza handia izango da.

Bai, eta gero kalean ezagutzen zaituzte, ez da frontoian bakarrik geratzen den zerbait. Hori ere garrantzitsua da, ez izatea frontoiko gauza bat bakarrik, egunean bertan gertatzen dena. Aste guztian dago horren inguruko berba, eta oso gustura gaude horrekin. 

Liga ere urte osora zabaltzea ere garrantzitsua izango da pilotariontzako.

Bai, baina konpromiso handia ere bai. Winter Series mediatikoki zarata handia ateratzen duen txapelketa da, baina gero txapelketa txikiagoak ere badaude. Ez badugu ematen maila, ez badugu erakusten gosea irabazteko, zaletuak aspertu daitezke edo bestelako iritzi batzuk entzun; iritzi txarrak daudenean hori ez da ona izaten. Guk badakigu konpromiso handia dugula txapelketa guztietan %100a emateko. 

Gure partidan, gainera, bi zumaiar daude eta giro ona seguru egongo dela. Beraiek urduritasuna izango dute. Guk %100a emango badugu, beraiek %200a emango dute, etxean jokatzen dute eta. Nik uste osagai guztiak dituela partida polita izateko.