IRITZIA

Petankako berriemailea

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 24a, 11:00

Kazetaritza munduan modu profesionalean lanean hasi nintzenetik mende laurden beteko da datorren abuztuan. Ordutik 25 urte luze pasatu badira ere, ez dut neure burua kazetari bezala ikusten.

Eduki hau 2024ko martxoko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Maria Rosa Suárez-Zuloagak reporter deitzen zidan DVn lan egiten nuen garaian Santiago Etxera joateko esaten zidan bakoitzean; tribulete deitzen dit batek edo bestek, eta izango da gacetillero bezala ezagutzen nauenik ere. Nahi duzuena, baina ez deitu niri kazetari, ez naiz eta. Beno, behin Madrilen esan nuen, bai, kazetaria nintzela; Caixa Forum museoaren sarreran izan zen, eta banuen arrazoi sendo bat horretarako: kazetariek sarrera doan zuten. Tontoa izango naiz, baina ez hainbeste. 

Kazetari ez izanda ere, denbora honetan 15 urte luzez egin dut lan DVn, eta auskalo zenbat Baleiken (UKTn azken urteetan). Gara egunkarirako filmen kritika batzuk ere idatzi ditut: Ridley Scotten Gladiator-en edo Nick Hornby idazle britainiarraren nobelan oinarritutako High Fidelity pelikularen kritikak nireak dira, esaterako. Kontzertuen kontakizun bat edo beste ere idatzi izan dut Urola Kostako Hitzarako. Norbaitek pentsa dezake: "A zer zortea! Gogoko dituen gaien inguruan idazten du". Ba ez, gustura aritu baino sufritu egiten dut eta. Ondo(egi) egiten saiatzen naiz, benetan ondo, normalean erabiltzen ez ditudan hitzak eta esamoldeak erabiliz, eta zerbait txukuna idatzi beharrean, Juan Manuel de Pradaren oinordeko errukarriak ere sinatuko ez lituzkeen gauza pretentsiosoak ateratzen zaizkidala sumatzen dut. 

Duela urte batzuk, oraindik DVn nengoenean, Kazetaritzako ikasle batek elkarrizketa bat egin zidan. Taberna batean elkartu ginen, eta burutsua izaten saiatu nintzen (frakasatuko nuen, seguru). Kazetaritza munduan ea maisurik ba ote nuen galdetu zidan. Ez nuen jakin zer erantzun. Azken galdera gisa, nor elkarrizketatu nahiko nukeen jakin nahi izan zuen. Auskalo zenbat denboran pentsatzen egon ondoren, "Steven Spielberg" atera zitzaidan zezelka, jakinda ez dela hori inoiz gertatuko eta, aukera gertatuko balitz, bihotzeko batek emango lidakeela jakitun. 

Onar dezagun: gustukoak ditudan gaien bueltan aritu baino, nahiago dut piperrik inporta ez zaidan zerbaitez idatzi. "A zer kazetaria!", esango du batek. Hori ba, ez naizela kazetaria! Wim Wendersen Perfect days filmaz idatzi baino nahiago kale edo parkeren batean jarriko dituzten eserleku berriez jardun; Lisabö taldea elkarrizketatu baino, hobe udalbatzar baten berri eman, tonu monotono eta gris batean. Horregatik esan nahi diet UKTko nire jefeei, aldamenean eserita dudanetik hasita, petankako berriemaile izan nahi dudala etorkizun hurbil batean. Akaso hor bai, hor, kazetari sentituko naiz.