Ainhoa Caporossi: "Ez naiz sentitzen gai bakarrean zentratzen den ilustratzaile bat"

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 23a, 09:00
Ainhoa Caporossi, sortu dituen ilustrazioekin. (Juan Luis Romatet)

Arte Ederretan lizentziatua eta lanbidez delineatzailea, ilustratzailea ere bada Ainhoa Caporossi (Zumaia, 1993).  

2024ko martxoko Baleike aldizkarian argitaratutako edukia da hau.

Nola hasi zinen ilustrazioaren munduan? 

Arte Ederrak bukatu nituenean, urtebeteko geldialdiaren ondoren, ilustrazio zientifikoan espezializatu nintzen, eta graduondoko bat egin nuen EHUn. Lanbidea ez dut hau, baina enkargu batzuk egin ditut. Delineatzailea naiz, eta ordu libreetan egiten ditut beste lan hauek.  

Txikitatik egiten dituzu marrazkiak? 

Umetan koaderno bat eman zidaten, eta han ibiltzen nintzen borobil txikiak egiten; koadernoa borobilez eta marrazkiz betetzen nuen! Beti gustatu izan zait marraztea. Bego Blancoren eskolan ikasi nuen, eta hortik batxiler artistikoa eta Arte Ederrak etorri ziren. Baina lasai hartzen dut; ez naiz %100 horretara dedikatzen. Denbora batean pixka bat utzita eduki dut; orain ari naiz berreskuratzen. Furgonetarekin kanpora joaten naizenean ere koaderno bat eta akuarelak eramaten ditut.  

Arte Ederrak ikasita, delineatzailea zara... 

Makina-erremintan egiten dut lan. Aita ingeniaria dut, eta txikitan udan berekin ibiltzen nintzen bulegoan Autocadarekin planoak egiten. Ikusi nuenean Arte Ederretatik irtenbidea ez zela erraza, Diseinu Mekanikoko gradu bat egin nuen. Arte Ederren justu kontrakoa da, dena matematika da. Ondo dago, ze horrela gustura egiten ditut ilustrazioak; zortzi orduan marrazkiak egiten ariko banintz, agian aspertu edo nazkatuko nintzateke.  

Ilustratzaile bezala lan batzuk ere egin dituzu. 

Iker Badiola EHUko Medikuntzako irakasleak minbiziari buruzko liburu bat atera zuen, Troiako karramarroa, eta harentzako ilustrazioak egin nituen; zelulak edo ordura arte marraztu gabe nituen elementuak sortzeko aukera eman zidan. Berezia izan zen, desberdina, eta Gradu Amaierako Lana izan zen liburu hori ilustratzea. 

Erraza egin al zitzaizun lan hura egitea? 

Enkargua egiten dizunak norainoko aurrelana egin duenaren araberakoa da. Badiolak berak asko lagundu zidan; gutxi gorabeherako zirriborroak eginda zituen. Beste enkargu batzuetan esaten dizute zer nahi duten, eta Arte Ederretatik gatozenentzako hori zailagoa da. Ilustratzaile batzuk zientzia mundutik datoz, eta ezagutzen dute zer marraztu behar duten. Nik, batzuetan, usaindu ere ez nuen egiten zer marraztu behar nuen. Informatu behar zara, irakurri, ikusi, pixka bat ulertzeko zer ari zaren marrazten.  

Marrazki horiek egitean errealitatean oinarritzen zara, edo baduzu irudimena zertxobait erabiltzeko aukera? 

Ilustrazio benetan zientifikoa bada, hor ahalik eta errealisten izaten saiatu behar zara. Dibulgatzaileetan, artistikoagoa izan zaitezke. 

Eskaladako ilustrazioak ere egin dituzu azkenaldian. 

Mendiarekin zerikusia duten kirolak gustatzen zaizkit, eta horiekin lotutako zerbait egin nahi nuen. Zelula bat ilustratzea ondo dago, baina mendia gustukoago dut; askatasun gehiago ere ematen dizu. Alain Andres eskalatzailea ezagutu nuen, eta mendian bide bat zabaldu behar zutela-eta, ea ilustrazioa egitea nahiko ote nuen galdetu zidan. Krisalida bidearena izan zen lehena, eta ondoren etorri da Berrian argitaratutakoa, Chamonixen (Frantzia) ireki duten Sorterriko koblak bide berriaren ingurukoa.  

Paisaia hori imajinatu behar izan duzu? 

Bi zatitan banatzen da. Ezkerrean krokisa dago, eta eskaladako puntu denak jasotzen dira. Horrek zehatza izan behar du. Ondokoa, paisaia, bai dela den bezalakoa –udako argazki batean oinarritu nintzen, baina gero elurra asmatu egin dut–, eta gero, eskalatzaile batzuen marrazkiak gehitu dizkiot, imajinazio pixka bat jarrita.  

Ba al duzu ilustrazioa lanbide bihurtzeko asmorik? 

Zaila litzateke, baina gustatuko litzaidake. Orain eskaladako beste bide baten ilustrazioa egiteko enkargua daukat. Gustatuko litzaidake zientziazko arloan ere lan egitea, ez du zertan beti mendikoa izan behar. Ez naiz sentitzen gai bakarrean zentratzen den ilustratzaile bat.