23. Korrika

Euskararen aldeko aldarria ozen entzun da gazteenen ahotsetan

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 19a, 13:24

Korrika txikia egin dute eguerdi partean Talaipe eta Gurrutxaga plaza artean. Ehunka haur eta gazteek bete dituzte Zumaiako kaleak euskararen aldeko ekintzan.

Gaur gaueko ordu bietan igaroko da 23. Korrika Zumaiatik. Aurretik, eguerdi partean, Korrika txikia egin dute herrian. Bertan parte hartu dute herriko ikastetxeetako ikasle zein irakasleek; txikienek, baita nerabeek ere. 

Azken hauek abiatu dira 11:30ean Julio Beobide ibiltokiaren amaieratik eta bidean adinez txikiagoak direnak joan zaizkie gehitzen Gurrutxaga plazara heldu arte. Une batean, Erribera kalea ertz batetik besteraino bete dute Korrika txikian parte hartu duten lagunek. 

"Ika, ika, ika, Korrika!" edo "Hemen gaude euskararen alde!" bezalako oihuak ere entzun dira martxan zehar.

Bidean gurasoak, helduak, baita adinekoen egoitzetatik ekarritako zumaiarrak ere begira ziren, haurrak beraiek bezain pozik.

Gazte hauetako batzuk, akaso, parte hartuko dute gaueko martxan. Txikienek ziur aski ez, baina helduek bezainbesteko ilusioarekin korritu dute beraientzako espresuki prestatutako martxan.