Urumea ibaian aritu dira lanean Zumaiako batelak

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 18a, 08:00
Zumaiako ontzi bat atzo Donostian jokatutako estropadan. (Telmo Deun A.E.)

Gipuzkoako batel ligako zortzigarren jardunaldia jokatu da asteburuan Donostian, Urumea ibaian. 

Donostia Arraun Lagunak klubak antolatuta, Gipuzkoako batel ligako zortzigarren jardunaldia jokatu zen atzo goizez. Urumea ibaian aritu ziren lanean ligan partaide diren klubetako ontziak.

Telmo Deun arraun elkarteko batelak ere bertan izan ziren eta emaitza onak lortu zituzten: infantil neskatan Zumaia bigarren izan zen eta ontzi mistoa hamargarren; promesa mutiletan, A ontzia hirugarren izan zen, eta Zumaia B hamargarren; promesa neskatan, berriz, Zumaia A bederatzigarren izan zen eta B ontzia hamaikagarren.

Ligako bi jardunaldi jokatuko dituzte datorren asteburuan. Larunbatean, 15:30etik aurrera, Donibane Lohizuneko Urdazuri auzoan izango dute hitzordua batelek; igandean, berriz, Pasaiako Badian, 10:30etik aurrera.

Traineru testa larunbatean

Traineruak ere ari dira lanean, ekainean hasiko den denboraldia prestatzen. Hala, pasa den larunbatean San Pedroko traineru testa jokatu zen. Telmo Deun arraun elkartea bertan izan zen.

Aipagarria da emakumeetan Zumaiak lortu zuen bosgarren postua, goragoko mailan arituko diren Hondarribia edo Hibaikaren aurretik. Donostiarrak irabazi zuen testa, eta Zumaia irabazleengandik 21 segundora heldu zen.

Gizonetan, berriz, hamaseigarren izan zen Zumaia, Bermeok irabazi zuen estropadan. Zumaiarrak irabazleengandik minutu eta gutxira heldu ziren helmugara.