Igoera faseko lider da Kbi A taldea

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 18a, 11:30
Kbi A-ko Oier Sarasketa, eskuinean, artxiboko irudian. (Kbi xake kluba)

Huts eta lau emaitzarekin irabazi dio Kabi xake klubeko lehen taldeak Gros F taldeari, eta igoera faseko sailkapeneko buruan jarri da.

Gipuzkoako xake ligako preferente mailara igotzeko bigarren jardunaldia jokatu zuten pasa den larunbatean. Zumaiako Kbi xake klubeko A taldeak Donostian izan zuen hitzordua Gros F taldearen aurka, eta duela hamar egun lortutako garaipenari –2,5-1,5 emaitzarekin irabazi zion etxean Gros G-ri– segida eman nahi izan zaion. Bai lortu ere. Izan ere, 0-4 emaitzarekin gailendu ziren zumaiarrak donostiarren aurka jokatutako norgehiagoketan. Paulo Alberdik, Oier Sarasketak, Xabier Aranzabalek eta Erik Juezek jokatu zuren zumaiarren izenean.

Igoera faseko bi jardunaldi jokatuta, multzoko lider da Kbi A 14 punturekin. Atzetik Alfil B (13,5) eta larunbatean aurkari izan zuen Gros G (12,5) dituzte zumaiarrek. Apirilaren 13ra arte ez da ligako jardunaldirik izango. Orduan, Hondarribia Marlaxka C taldea hartuko du Kbi A-k etxean.

Bigarren mailan, jaitsierako fasean, Kbi B taldeak Astigarraga B taldea hartu zuen etxean. Ez zitzaizkion gauzak espero bezain ondo atera, eta 1-3 emaitzarekin galdu zuen. Iñaki Arrieta, Miguel Manterola, Miguel Angel Aguado eta Beniaarbi Mohamed aritu ziren Zumaiako klubaren izenean jardunaldi honetan.

Jaitsiera faseko bi jardunaldi jokatuta, sailkapeneko laugarren da Kbi B taldea, 11,5 punturekin. Apirilaren 13an etxean jokatuko du berriro ere, kasu horretan, multzoko bigarren den Gros H taldearen aurka.

Kbi C taldea ere galtzaile suertatu da hirugarren mailako 9. jardunaldian. Billabona E taldea izan zuen aurkari, eta 1-3 emaitzarekin galdu zuten zumaiarrek. Julio Hernan Andrade, Alaitz Irigoien, Asier Oliva eta Xabat Esteibar aritu dira azken jardunaldi honetan Zumaiako klubarekin. Multzoko hamabigarren postuan jarraitzen dute zumaiarrek, eta apirileko jardunaldian Agustin de Leiza C-ren aurka arituko dira.