Iñaki Alcalde: "Jendeak uste du Kantauri itsasoa oso zikina dela, baina ez da hala, altxor ugari dago"

Amaia Agirre 2024ko mar. 16a, 12:37
(Utzitakoa)

Otsaileko Baleike aldizkarian Hitz tantak atalean argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Iñaki Alcalde (Ordizia, 1978) Tolosan bizi da, baina hamar-hamabost urte daramatza Zumaiako Olarrusub taldean. Urpekaritza du afizio, eta ur azpian dauden altxorrei argazkiak ateraz gozatzen du.

Nolatan hasi zinen urpekaritzaren munduan?

Txikitan aitarekin arrantza egitera joaten nintzen, eta beti gustatu izan zait itsasoa. Gero, urpekaritza egiten hasi nintzen; ur azpiko arrantza egiten nuen urpeko fusilarekin. Urteak pasatzen joan diren heinean, fusila kamerarengatik aldatu dut. Orduz geroztik, kamerarekin argazkiak ateratzen jarduten dut.

Noiz aldatu zenuen fusila kamerarengatik? Zergatik aldaketa hori?

Orain dela hamabost bat urte emango nuen urratsa. Ur azpian zaudenean bertan ditugun altxorrak ikus ditzakegu, baina bertatik ateratzen zarenean besteei hor barruan dagoena erakustea oso zaila da. Gainera, orokorrean, jendeak pentsatzen du Kantauri itsasoa oso zikina dela; oker daude, ordea, altxor ugari dago bertan. Beraz, nire helburua hori zen; argazkien bidez erakustea zer dagoen ur azpian.

Olarrusub taldeko kidea zara. Nolatan?

Foro batzuen bidez izan nuen talde honen berri. Kide batek esan zidan Gipuzkoa aldean neguan zehar jende askok ez zuela urpekaritza egiten eta ea animatuko nintzatekeen. Baietz esan nion, gustura. Horrelaxe hasi nintzen Zumaiara etortzen, eta gaur arte.

Aurretik beste kluben batean jardundakoa zara, edo lagun artean jardun izan duzu?

Lagun artean jarduten genuen, baita Donostiako eta Hondarribiko beste klub batzuekin ere. Baina, beti ere, Gipuzkoan bertan.

Argazkietara itzuliz, zer animalia bereziri atera izan dizkiozu argazkiak?

Abakandoei, ataloei, olagarroei, zapoei, itsas zaldiei, marrazoei... Egun gure inguruan ez dago itsas zaldirik, baina orain dela urte asko Getarian batzuk ikusi nituen.

Hainbat animalia aipatu dituzu, baina marrazoak atentzioa pizten du. Nolatan argazki horiek?

Horiek aurreko urteko udan atera nituen Bermeon, marrazo urdinari ateratako argazkiak dira. Klubeko bi kidek irteerak egiten dituzte marrazoak ikustera, eta Bermeon izaten dira, sakonera handia hartzen delako denbora gutxian. Arrainen gibelak edo hegaluzearen buruak botatzen dizkiete, marrazoak gora igotzen dira jatera, eta hor ikus daitezke.

Marrazo urdinari beldurrik ez izateko esaten duzu zuk.

Marrazoak ez dira gizakien lagunak, eta gu ikusi orduko alde egiten dute. Gainera, gu ez gaude beraien dietaren barruan, beraiek odol hotzekoak baitira; gu, berriz, berokoak. Lagun batek esan izan dit berari marrazoak baino beldur gehiago ematen diola dortokak.

Txapelketetan parte hartzen al duzu?

Parte hartu izan dut, bai. Gipuzkoako Txapelketa jokatzen da aurrena, eta hori gaindituz gero, Euskadiko Txapelketa etortzen da. Pasa den urtean Espainiako Txapelketan parte hartu nuen, Lanzaroten (Kanariak). Bestalde, Cimasub-en ere hartzen dut parte, eta hiruzpalau aldiz irabazi izan dut Kantauri itsasoko txapelketa.

Zein lekuetan ibiltzen zara?

Gehienbat Gipuzkoa inguruan aritzen gara, baina urtean behin edo bitan bidaiatxoren bat egiten dugu. Adibidez, Itsaso Gorrira, Maldivetara edo Kanarietara. Orain, urtearen amaierarako bidaia bat prestatzen ari gara taldekideok; Itsaso Gorrira joateko asmoa daukagu. Oso leku polita da, ur gardena du eta nahiko berezia da. Urtero halako bidaiatxoren bat egiten saiatzen gara.

Zer aholku emango zenioke inoiz urpekaritza egin ez duenari?

Itsasora sartzean dena oso ilun ikusten da, argi izpi gutxi sartzen direlako uretan. Gero eta sakonago joan, argitasuna desagertzen joaten da. Beraz, aholku bezala esango nuke hobe dela foku edo esku-argiren batekin sartzea.