Lucia Lacarra: "Nire balletarentzat lagungarri izango da urrezko domina"

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 17a, 09:00
Lucia Lacarra dantzari zumaiarra. (Arnaitz Rubio Aprea)

Espainiako Arte Ederretako Urrezko Domina emango diote Lucia Lacarra (Zumaia, 1975) dantzariari. Albistea urtarril hasieran jaso zuen "ilusio handiz"; izan ere, ordura arte sari dezente lortutakoa zen, baina guztiak dantzari lotuak, eta honakoa kultur arloan "prestigio gehien" duen aitortza dela esan du. Otsaileko Baleike aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Albistea jakin bezain pronto, hango eta hemengo hedabideak gainean zituen Lucia Lacarrak. 37 artista edo eragilek jasoko dute Espainiako Kultura Ministerioak ematen dituen Arte Ederren Urrezko Dominak, eta horietako bat izango da dantzari zumaiarra. Sariak inoiz espero izan ez dituen arren, horiek pozez jaso izan dituela aitortu du, baita azkeneko hau ere. Halako aitortzak lanerako pizgarri dira Lacarrarentzat, eta horregatik daramatza hiru hamarkada pasatxo oholtza gainean, nekaezin, nazioarteko antzoki garrantzitsuenak liluratzen. Orain, gainera, bere gidaritzapean dagoen Lucia Lacarra Balletean ere buru-belarri dabil.

Arte Ederren Urrezko Domina aparteko aitortza da. Nola jaso duzu merezimenduaren berri?

Sekulako sorpresa izan da niretzat. Txinan dantzatzen aritu ondoren, astelehen gauean (urtarrilak 18) iritsi nintzen Zumaiara, eta asteartean, hedabideek nik baino lehenago jakin zuten domina eman behar zidatela. Hainbat kazetarik Whatsapp mezua bidali zidaten zorionduz, eta nik ez nekien zergatik zen. Orduan jakin nuen aitortzari buruz, eta, egia esan, egundoko ilusioa egin zidan. Berehala jo nuen Google-era albistearen bila, eta benetan, ez zen espero nuen zerbait. Inoiz ez ditut sariak espero izan, eta hau ere ez neukan buruan. Beraz, oso eskertuta nago, ohore handi-handia da.

Orduan, geroago iritsi zen dei ofiziala.

Hala da, bai. Ordu batzuk geroago, arratsaldean, Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionaleko (Inaem) zuzendariak deitu ninduen urrezko dominaren berri emateko eta zoriontzeko. Oso berri polita da. Oraindik ez dakit noiz emango didaten domina, ezta non eta nola izango den ekitaldia ere, baina benetako Errege Eguneko oparia izan zen niretzat. Hainbat sari jaso ditut: Nijinsky Saria (2002), Dantzako Benois Saria (2003), Dantzako Sari Nazionala Antzezpen alorrean (2005), Hamarkadako Dantzari Onenaren Saria (2010) eta Max Saria (2022), besteak beste. Sariek eman didate lan egiteko gogo gehiago. Nolabait esateko, gure lan esparruko jendeak ikusi du ondo ari zarela lanean, eta horrek aurrera jarraitzeko motibazioa ematen dizu. Beti eskertuta jaso ditut sariak, baita harrituta ere, inoiz ez baititut espero izan. Niretzako publikoaren txaloak izan dira saririk handiena, baina horrelako aitortzek asko motibarazten naute.

"Ez dut epe luzera begiratzen,
ikusiko dugu bizitzak nora eramaten nauen"

Normalean jaso ditudan sariak dantzari lotutakoak izan dira, baina honakoa kultur arloan prestigio gehien duena da Espainian. Ez da bakarrik dantzan, baizik eta kulturako diziplina guztietako lankideon artean. Sona eta ohore handia da, zalantzarik gabe. Gainera, esan didate sariak titulu bat emango didala, eta aurrerantzean andere txit gorena izango omen naiz. Horrek ere harritu egiten nau... Benetan, bihotzez eskertzen ditut halako aitortzak, izan ere, 33 urte daramatzat oholtza gainean dantzan eta, sari bat jasotzea, oraindik lanean eta gogotsu jarraitzen dudanean, zoragarria da benetan.

Sari batek motibarazten bazaitu, domina honek are gehiago?

Bada, bai! Gainera, orain momentu oso polit batean nago. Duela hilabete batzuk Lucia Lacarra Ballet konpainia estreinatu genuen, gure lehenengo lana Bilboko Arriaga antzokian, eta ondoren, Madrilen izan gara arrakasta handiarekin. Une honetan, nire lehentasunak dira konpainia, nire dantzariak eta haiei ahalik eta lanerako aukera gehien eskaintzea. Domina eman behar zidatela jakin nuen bezain pronto, pentsatu nuen aitortza konpainiarentzat ere lagungarri izan zitekeela: on egingo dio aurrera egiten eta etorkizuna finkatzen. Zentzu horretan, gustura naiz, nirea den mundu honetan dantzari gazteei lagunduz eta nire hondar ale txiki hori ipiniz.

Lost Letters izan zen Lucia Lacarra Balletaren debuteko obra, joan den urrian, Arriaga Antzokian. Hain justu ere, 35 urte dira toki horretan bertan lehen aldiz balleteko ikuskizun bat ikusi zenuenetik, eta orain zu zeu zara belaunaldi berriei bide ematen ari zarena.

Niretzat oso berezia izan zen estreinaldia, are gehiago Arriagan egitea. Gazte zareneko lehen inpresioak ez dituzu inoiz ahazten, eta Arriaga izan zen barrutik ikusi nuen lehen antzokia. Victor Ullateren estreinaldiaren emanaldira joan nintzen, eta mundu zoragarri bat aurkitu nuen han barnean. Esperientzia miresgarri moduan gogoratzen dut. Beraz, betidanik izan dut harreman oso ona Arriagarekin, eta asko laguntzen dituzte bertako artistak eta haien lanak aurrera ateratzen. Beraz, gure konpainiak bertan estreinatzeko aukera izatea benetan berezia izan zen, ez nuke toki hoberik topatuko.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Eta martxa onean doa, ezta?

Hala da. Orain arte, bederatzi emanaldi eskaini ditugu: hiru Bilbon, bost Madrilen eta beste bat Gasteizen. Orain, joaten naizen tokira noala, konpainia bultzatzen saiatzen naiz. Urte hasieran Beijingen izan gara (Txina), eta bertan harreman interesgarriak egin ditut konpainiak han bira egin dezan. Horrez gain, baditugu lotuta hainbat hitzordu: martxoan Italiara goaz; abuztuan, Alemaniara; 2025ean, Munichen ariko gara, nik hamalau urtez dantzan egin nuen antzokian, eta udan Italiara itzuliko gara. Horrez gain, interesa duten antzoki askorekin hitz egiten ari gara. Hori horrela, asko pozten naiz konpainiak hartu duen martxarekin. Zinez, lan asko ari naiz egiten taula gainetik kanpo nagoenean, ahalik eta emanaldi gehien lortzeko guretzat.

Une honetan, Lucia Lacarrak dantzari ikuspegia izaten jarraitzen du, ala gehiago du burua konpainian jarrita?

Horrenbeste urtez agertokian aritu eta gero, erraztasun handia dut gauza askoren ardura hartzeko aldi berean. Urte askoan dantzaria izan naiz, baina beti izan naiz neure buruaren managerra eta ekoizle. Ekoizpen lanak nik egiten nituen, eta orain zuzendari moduan ere banabil. Nire buruak askotariko lanak egiteko aukera ematen dit, baina, hala ere, dantzatu behar dudanean nire burua eta bihotza %100 zentratzen dira horretara. Egia esan, oraindik ere taula gainean nagoenean bizirik sentitzen naiz, eta gozatu egiten dut segundo oro, baina asko gozatzen dut prestaketarekin, oholtzara eraman aurretik dagoen lan guztiarekin. Momentuz, dena egiteko gogoz nago.

Inoiz ez ditut plan handiak aurreikusi etorkizunerako. Pentsa, 18 urte nituenean uste nuen 30 urterekin ez nuela jarraituko dantzan. Beraz, ez neukan ideiarik patuak nora eramango ninduen. Ez dut epe luzera begiratzen, eta ikusiko dugu bizitzak nora eramaten nauen. Ni, behintzat, lan egiteko prest nago, nire onena emateko, besteei laguntzeko eta erronka berriei heltzeko. Mundua sorpresa bat da, ez dakizu zer etorriko den, eta hori atsegin dut.

Dantzaria figura arin eta hauskor gisa irudikatzen da. Zure kasuan, ordea, argi dago indartsua eta nekaezina zarela.

Pixka bat todoterrenoa banaiz, bai! Gure esparruan arraroa naiz: agertoki gainean oso artista naiz, beti saiatu naiz dantzaren alde emozionala helarazten, baina, normalean, artistak ameslariak dira eta burua airean izaten dute. Ni, aitzitik, oso arrazionala naiz, logikari emana, eta atsegin dut egutegiak, agendak eta zerrendak egitea eta gauzak antolatzea. Nik neuk antolatzen ditut ekoizpenaren prestaketak, konpainiaren bidaiak eta kontratuak, eta oso gustuko ditut zeregin horiek, nahiz eta zerikusirik ez duten dantzarekin. Gauzak ondo antolatuta daudela jakitea gustatzen zait, oholtzara igo behar dugun momentuan guztiaz ahaztuz eta dantzaz gozatzeko.

Erronka berriak aipatu dituzu. Adibidez, Lost Letters obran ikus-entzunezko bat txertatu zenuen. Arte diziplina ezberdinetara zabaltzeari buruz ari al zara?

Erronka handiena izan zen konpainia bat sortzea. Mundu guztiak uste zuen erotuta nengoela, lan asko eskatzeaz gain arrisku handia hartzea suposatzen zuelako. Proiektuaren aurrean bakarrik zaude, eta ipini behar duzu daukazun guztia. Ni prest nengoen horretarako. Behar duguna da lantzen ditugun obrak pertsonalak izatea, hau da, egiten dugunak zerbait esan behar digu eta zerbait sentiarazi. Iruditzen zait horrela bakarrik dela benetakoa lan bat, eta horrela helarazten dela agertokian.

Beti gaude ideia berriak bilatzeko prest, betiere gure estiloaren barruan. Izan ere, estilo neoklasikoa da gure hizkuntza. Artista bakoitzak dauka hobeto adierazteko hizkuntza bat, eta nik estilo guztiak landu ditut dantzan, baina istorio bat kontatzeko garaian neoklasikoarekin sentitzen naiz erosoen. Oraingoz, bide hori hartu dugu konpainian, baina irekita gaude edozein aukeretara, emozioak sentitzen eta ikusi nahi dugu gauzak nola etortzen diren. Era berean, nire helburua da plataforma bat sortzea dantzarientzat. Espainian aukera eta konpainia asko egon dira, eta dantzariek behar dute lan eginez, egonkortasun bat izan, ez bakarrik ekonomikoa, baita egunero lanera joateko toki fisiko bat ere. Gure konpainiaren bitartez, saiatzen ari naiz plataforma hori sustatzen: konpainiako dantzariek gurekin batera bidaiatzen dute, publikoak ikus ditzan gurekin batera dantza egiten. Gisa horretan, ezagutzera eman eta sona pixka bat hartzen hasten dira. Oso harro egongo nintzateke gurekin aritu ondoren, konpainiako dantzariek kontratu finkoak lortuko balituzte. Hori da nire xedea, zeren nik ezin ditut urte osoan ekonomikoki mantendu. Nahiko nuke, baina oso zaila da. Beraz, nire helburua da haiei laguntzea gurekin dauden bitartean, baina baita etorkizunera begira ere.

Lucia Lacarra Balletak zer du zuretik? Identifikatzen al da zure dantza egiteko modua konpainian?

Noski baietz. Niretzat oso garrantzitsua da konpainiak daukan filosofia. Inportantea da dantzari gazteek oinarri positiboa eta progresiboa edukitzea; hau da, lan asko egiteko edo zeure buruari asko eskatzeko ez duela zertan giro txarrik egon behar, edo oinazetzea normala denik, ezta errespetua galtzea ere. Askotan, gaztea zarenean, ez daukazu alderatzeko erreferenterik, eta nik haien erreferente izan nahi dut, oinarri hori izan dezaten. Lan asko egin dezakegula esaten diet, baina giro onean, dantzarekin gozatuz eta errespetuz. Filosofia hori defendatu dut beti, eta nire konpainian ere hori nahi dut helarazi. Uste dut horregatik iraun dudala hainbeste urtez taula gainean; izan ere, nonbait gustura sentitzen ez baldin banintzen, beste leku batera joan egiten nintzen. Nire bizitzan ez dut sekula onartu onartezina zen gauzarik; ezinbestekoa da hori gaztetatik ikastea. Azkenean, hori da mentalki eta psikologikoki erakutsi nahi diedana dantzari hauei.

Dantza egiteko orduan, uste dut beste zuzendariengandik nahikoa eskarmentu hartu dudala, eta, beraz, lagun diezaieket dantzariei pausoak nola eman behar dituzten gidatzen, baina ez horretan bakarrik, baita dantza egiterakoan nola sentitu, nola bizi eta nola pentsatu ere. Luze eta zabal hitz egiten dut haiekin: gaztea zarenean galdera asko izaten duzu, konfiantza falta, eta dantzariaren alderdi hori ere asko zaintzen dut, beti pentsatzen dudalako dantza buruarekin egiten dela. Burua lasai baduzu, lan egiterakoan asko lagunduko dizu.

Azkenaldian elkarlan dezente egin dituzu Matthew Golding dantzari eta koreografo kanadarrarekin. Bion arteko batze profesionalak funtzionatzen duen seinale!

Esaten dudan bezala, ez dakizu bizitzak nora eramango zaituen, eta ni 2019an nengoen dantza uzteko zalantzan. Madril atzean utzi nuen, bertako konpainian arazo handiak baitzeuden eta egoera horretan ezin bainuen han bizitzen jarraitu; gero, handik hilabetera, itxi egin zuten. Bestalde, Dormund-eko Operarekin egiten nituen emanaldiak gutxitu egin ziren urtean zehar, eta buruak esaten zidan pixkanaka-pixkanaka nire agurra gerturatzen ari zela. Ideia hori nahiko barneratuta neukala, Munich-en ospatutako gala batean Matthew-rekin topatu nintzen, eta solasean hasi ginen. Nik ekoizpen txikiak eginda neuzkan eta zerbait handiagoa egiteko gogoak banituen, baina sormen ideiarik ez: Matthew-k zituen ideia horiek denak. Bi erdiek bat egin genuen: bera ameslaria da, eta ni gauzak antolatzea gustuko duena. Nik esan nion: "Zuk amestu, eta nik errealitate bilakatuko ditut".

Batera hasi ginen dantzatzen, ideiak fintzen, eta pandemia garaian erabaki genuen momentu txar horretan zerbait positiboa sortzea. Lehenengo obra sortu genuen, Fordland izenekoa, eta ikaragarri gozatu genuen sortze prozesuarekin. Hori benetan garrantzitsua da; ez da bakarrik agertokian egiten duzuna, baita aurretiko lan guztia ere: nola jaio den, nola hazi den, nola joan den aldatzen, garapena eta hartutako erabaki guztiak... Esperientzia itzela izan zenez, bigarren obrarekin buru-belarri jarri ginen lanean, eta In the still of the night ikuskizuna ondu genuen. Erronka handiago bati heltzeko ardura hartu genuen jarraian, eta azkenea, horrela landu dugu Lost Letters obra gure ballet konpainiarekin batera. Zoragarria da gure arteko elkarlana. Bikote bat gara, baina talde indartsua osatzen dugu. Konfiantza handia dugu geure buruetan eta bihotzetan, eta helburu berak ditugun arren, oso ezberdinak gara, nahiz eta elkar laguntzeko eta aditzeko erraztasuna dugun. Hori izan da horren denbora gutxian hainbeste lan egitearen sekretua.

Une honetan, zer duzu esku artean? 

Gauza pila bat ditut esku artean, egia esan. Konpainiatik kanpo ere nire lanak ditut. Adibidez, urtarrilean Hamburgeko Balleteko antzokian izan naiz La Dame aux Camélias obra lantzen, Jon Maia dantzariarekin; ondoren, martxoan taularatuko dut Italian. Otsailean, gala batzuk egingo ditugu Amasan, eta hori ederra izango da, eta martxoan, gure konpainiaren birari ekingo diogu Vicenzan (Italia). Apirilean lau emanaldi ditugu Zaragozako Antzoki Nagusian; maiatzaren 19an, Iruñeko Baluarte auditorioan; udan, bi emanaldi eskainiko ditugu Bohnen (Alemania); azaroaren 22an, Donostiako Kursaal antzokian izango gara... Datorren urterako emanaldi dezente ditugu, eta gehiago ere izango dira. Dantzari lanak egiten ditut, nonahiko antzokietan eta galetan, baina nire lehentasuna konpainia da.

Zalantzarik gabe, 2024a ere potente dator!

Iazko abuztutik hasi eta urte amaierara arteko epea oso lanpetua izan da. Segundo bat izan balitz bezala pasatu zait. Baina bukaera zoragarria izan du: hainbeste lan egin ondoren, poztasun handiagoz ematen diozu amaiera. Eta urte berria ere oso ongi hasi da, Urrezko Dominaren aitortzarekin. Ziur nago merezimendu horrek konpainiari ere lagunduko diola aurrera egiten eta pixka bat finkatzen. Beraz, oraingoz, zoragarri hasi da.