Txikitik itxaropena piztu nahian

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 16a, 09:00
Piztu kooperatibako kideak. (Juan Luis Romatet)

Duela ia bi urte eman zioten lehendabizikoz etengailuari Piztu irabazirik gabeko kooperatiban. Energia komunitatea bihurtzeko helburua duen elkarte horrek hainbat ekintza antolatu zituen iaz mundu globalizatu honetan tokiko mugimenduek etorkizuna izan daitezkeela erakusteko. Otsaileko Baleike aldizkariko erreportajea da honakoa.

Piztu irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, Zumaia du xede, eta Zumaian taldea egiteko eta energia komunitate bat kudeatzeko sortu da. Zumaian energia trantsizioko eredu baterantz egin nahi dugu". Hala definitzen du Piztuk bere burua Baleike.eus webguneko Komunitatean duen txokoan. Espazio digitaletik at, mundu errealean, Alberga elkarteak Hogarreko lehen solairuan kudeatzen duen elkarlan gunean aurkitu dute kooperatibako kideek biltzeko eta lan egiteko txokoa, eta bertan jarri dute hitzordua Baleikerekin Piztuko sei kidek: Maider Landarinarrek, Alfonso Garciak, Arantxa Urangak, Tere Eizagirrek, Ander Intxaurrondok eta Iñaki Osak.  

2022ko udaberrian abiatu zuten elkartea, egungo presidente Landarinarren arabera, "gaur egungo klima krisiaren inguruan erabakiak hartzeko, energia aldetik autonomia izateko eta elikagaien gorabeheran ere parte hartu ahal izateko". Izan ere, mundu globalizatu batean mira tokikoan jarri behar dela uste dute kooperatibako kideek. "Etorkizun batean egingo diren ekintzek tokikora begira izan behar dute", iritzi dio Garciak. Bere ustetan, nahitaez errekurtso gutxiago kontsumitzera behartzen du horrek. "Onerako edo txarrerako izan, gutxiago kontsumitu beharko dugu. Trantsizio hori era naturalean egiteko kontzientziaziorako erremintak eman nahi ditugu Pizturen bidez", gaineratu du. 

Multinazional handiek gobernuek beraiek baino gehiago agintzen duten testuinguru batean, akaso utopikotzat jo daiteke tokiko elkarte edo erakunde txikiek egoera aldatzeko gaitasuna izatea, baina Garciaren ustez, "ez zaigu besterik geratzen. Ikerketa guztiek diote 2018. urtean heldu ginela petrolio erabilpenaren gailurrera, eta etorkizun batean baliabide gutxiago izango ditugu. Herrialde batzuek izango dute petrolioa euren mugen barruan. Euskal Herriak, esaterako, ez du baliabide hori, eta kanpotik erosi beharko du. Ez da merkea izango, eta jendearentzako energia gero eta garestiagoa izango da. Gero, gure industriek salneurri horietan erosi behar badute, ez dira hain konpetitiboak izango, eta horrek kaleratzeak ekarriko ditu. Gaur egun bizi ditugunak baino egoera gordinagoak aurkituko ditugu. Horren aurrean, txikian pentsatzen hasi behar dugu, eta energia trantsizioaren gaiarekin hasi gara, jendeak gehien hori ikusten duelako. Ez da soilik eguzki panelak eta haize errotak jartzea; gaia orokorrean ikusi behar da". 

Utopia hitzari heldu diote kooperatibako beste bi kidek ere. Hala, Eizagirren esanetan, mundu mailako enpresa erraldoiei aurre egitea utopikoa izan daiteke, "baina eskuetan ditugun datuekin, hazkundearen ideia horrekin jarraitzea, orain arte egin den bezala, hori ere niretzako utopia bat da, ezinezkoa dela ez esatearren".  

Osak, berriz, "oso zaila" ikusten du gaur egungo egoera aldatzea. "Gure bizitzan uko egitea hitzak sartzea suposatuko luke, eta ez dut uste gizarte kapitalista honek lagunduko digunik halako pentsamolde bat hartzen. Sentsibilizazio handia behar da horretara heltzeko. Nahiko nuke! Baina ezkorra naiz, eta hala ere hemen nago, ilusioa ez da eta inoiz galdu behar".  

Intxaurrondok kontzientziazio hitza jarri du mahai gainean. "Iruditzen zait jendeak uste duela gaur egun dugun sistema mantentzeko nahikoa dela haize errota batzuk edo eguzki panel batzuk jartzea, eta horrekin berdin-berdin jarraitzeko gai izango garela. Dugun energia kontsumoarekin hori defendaezina da; urteko hazkunde hori ez da inondik inora jasangarria. Ari dira gauzak ateratzen, baina nik uste kontzientziazioa dela garrantzitsua".  

"Giza ahalduntzerako eta energia eta kontsumo gaietako sentsibilizazio erreminta da hau", defendatu du Garciak. "Ikusita zenbat arazo dauden eta garenak baino txiroagoak izaten amaituko dugula, erremintak sortu behar ditugu etorkizunera ahalik eta hobekien igarotzeko. Nik uste aukerak izango direla, baina landu egin beharko ditugu, ez digute-eta ezer erregalatuko". 

Iritziak berdintasunean

Kooperatiba gisa sortzearen atzean badago arrazoi bat Garciaren esanetan: energia komunitate bat sortzeko Europako Batasunetik datozen direktiba batzuk bete behar dira, eta baldintza horiek bat egiten dute kooperatiben figurarekin. "Espainiako ordenamendu juridikoan ez dago direktiba kooperatiba batek bezala betetzen duen beste formarik. Modu kolektiboan antolatuta, eta kooperatibaren figura erabilita, maila berean hitz egingo diogu batak besteari, eta iritziak ematerakoan ez da bata bestearen gainetik egongo". 

Gaur egun 64 bazkide ditu Piztu kooperatibak, eta bazkide bihurtzeko hamar euroko kuota ordaindu behar dela azaldu dute. "Kopuru txiki hori jarri da mundu guztiak Piztun sartzeko aukera izan dezan. Kuota handiagoa jarriko balitz, jende batek ez luke aukerarik izango bazkide egiteko", argitu du Urangak. Elkartea zabalik dagoela ere gaineratu dute. "Ahalik eta jende gehien etortzea nahi dugu. Ez da beharrezkoa energia kontratu bat izatea; ez gara energiara edo eguzki plakak jartzera bakarrik dedikatuko. Beste gai batzuk ere ukituko ditugu, eta horretarako jendearen babesa behar dugu, eta zer babes hobeagoa, bazkide bihurtzea baino. Gero, proiekturen bat izango bagenu, hor diru ekarpena egitea eskatuko genuke, proiektu horien informazio zehatza emanda".  

"Energia eta kontsumo gaietarako
sentsibilizazio erreminta da piztu"

Sentsibilizazio lanketa horretan iaz makina bat hitzaldi antolatu zituzten. Aurten, urtea hasteko, argindar fakturak ulertzeko eta, ahal dela, dirua aurrezteko aholkularitza zerbitzua jarri dute abian. Ostegunero emango da, 16:30etik 20:00etara bitartean, Hogarreko elkargunean. Otsailaren 8an, berriz, lehen hitzaldi bat izango da, Ekhi izeneko moneta sozialaren inguruan. Ordainketa mota hori martxan da Hernanin, eta Bilbon ere sartzen saiatzen ari direla esan dute. Eizagirrek dio hitzaldi horiek baliagarriak direla "kooperatiba barruko lagunak formatzeko, baina baita elkartetik kanpora gure jarduera ezagutzera emateko ere". 

Eguzki plakak jartzearen ideia aurrez ere aipatu dute bileran zehar. Energia sortzeko proiekturik ba al dute Piztuko kideek esku artean? "Ez da bideraezina, baina esfortzu handi bat egin beharko litzateke. Edozeini esaten badiozu halako inbertsio bat egin behar duela, erantzungo dizu ea zenbat aurreratuko duen. Ez dugu pentsatzen inbertsioak egitea aurrezteko ideiarekin; instalazioak egitea planteatzen dugu, eskura edukitzeko", informatu du Garciak. 

Badaude Euskal Herrian Pizturen moduko energia komunitateak. "Zestoan Argiola energia komunitatea dago, Getarian ere bada bat, Hernanin, Errenterian... Gurea bezalako hamabost edo hogei komunitate izango dira Euskal Herrian. Horietako batzuk Goienerren [Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiba] bueltan antolatu dira, gidalerro batzuk behar zituztelako. Guk ez dugu horien beharrik, baina energia gaiak garatzen hasten bagara beharko dugu laguntza teknikoa, kooperatiban jakituria hori duen jendea badugu ere. Boluntarioak gara, ahal dugunera heltzen gara". 

Ezagutzen dugun munduaren amaiera da (eta ondo sentitzen naiz) abesten zuen R.E.M. talde estatubatuarrak. Gerrak nonahi, lehorteak eta uholdeak han eta hemen, errefuxiatuen tragedia, klima krisia... Ortzi-mugan argi izpi gutxi sumatzen dela ikusita, etorkizunera begira zer iritzi duten galdetu die Baleikek elkarrizketatuei. "Pertsonalki, optimista naiz. Okerreko testuingurua dugula uste dut. Azken bi urteetan ekonomia puztu dute Europatik igorritako Next Generation [Hurrengo Belaunaldia ingelesez] funtsen bidez, eta funts horiek, bere izenak dioen bezala, hurrengo belaunaldiak zorpetuko dituzte. Bidaia honetan gastatu duguna hurrengo belaunaldiek ordainduko dute. Funts horiek agortuko direnean, gauzak gordinago ikusten hasiko garenean, izango dugu testuinguru egokia. Baina bai, nik uste mamitzeko aukerak izango ditugula, aurrera egin eta proiektuak ateratzeko", esan du Garciak. 

"Aurrezteko bakarrik ez, instalazioak
egitea planteatzen dugu eskura edukitzeko"

"Niri gustatuko litzaidake Alfonso bezain optimista izatea, baina ezkorragoa naiz. Kolpeekin ikasten dugu. Batzuen egoera hobetuko da, baina gehiengo batena, ez. COVIDaren garaiko ilusio hark, hobeak aterako ginela zioen ideia hark, ez du iraun, eta ez du ezertarako balio izan", erantzun dio Osak. 

"Nik Iñakiren iritzia konpartitzen dut. COVIDen garaian esaten zen mundua geratu egin zela eta zerbait aterako genuela handik. Baina justu beste aldea ikusten ari gara. Ukrainako gerra hasi zenean ezin nuen sinetsi, eta orain Israel Palestinan egiten ari dena izugarria da. Horiek onartzeko gai bagara, hurrena zer izango da?", damu da Intxaurrondo. 

"Egoera globala ikusita, aldaketa klimatikoarekin, gerrekin, pobrezia maila handitzearekin gertatzen ari dena ikusita, ezkor sentitzen zara. Baina beste parte bati ere garrantzia ematen diot; adin bat badut, eta bizitza osoan ikusi dut txikitik egindako lanarekin gauzak lortzen direla. Kooperatibara ekarrita, kontzientzia sortuz eta komunitate espiritua landuz bizitza justuago bat lortzeko aukera izango dugu", azaldu du Eizagirrek debatean argi izpi bat taularatuz. 

"Ereiten ez baduzu, ez duzu jasoko", amaitu du Garciak.