Hizkuntza baten errotzeaz eta aldentzeaz

Maria Maya Manterola 2024ko mar. 17a, 08:00
'Bizkarsoro' filmeko fotograma bat.

Euskara, bestela ez gara zikloari amaiera emateko, Bizkarsoro filmaren proiekzioa eta Josu Martinez zuzendariarekin solasaldia izango dira asteazkenean, hilak 20.

Donostiako 71. Zinemaldian estreinatutako Bizkarsoro filma Zumaian ikusi ahal izango da martxoan. Izan ere, Larraina euskara elkarteak udalaren laguntzarekin antolaturiko Euskara, bestela ez gara solasaldi zikloari amaiera emateko Josu Martinezen filma hautatu dute. 

Hizkuntza baten errotzean eta aldentzean arakatzen du filmak, 1914tik 1982ra existitzen ez den herri batean gertaturiko bost istorioren bitartez. Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak.

Ahozko lekukotzetan eta idazleen testuetan oinarritutako istorioak dira Martinezek ikus-entzunezkoan kontatu dituenak, eta istorio horietan barrena, XX. mendean zehar Ipar Euskal Herriko herri txiki batek bizitako aldaketa sozialak agerian utzi nahi izan ditu.

Josu Martinezek (Bilbo, Bizkaia. 1986) hainbat film luze eta dokumental idatzi, zuzendu eta Donostia Zinemaldian aurkeztu ditu orain artean: Itsasoaren alaba (2009); Sagarren denbora (2010); Debekatuta dago Oroitzea (2010), Gure sor lekuaren bila (2015) eta Jainkoak ez dit barkatzen (2018). Gainera, Barrura begiratzeko leihoak (2012) eta Paperezko hegoak (2021, Zinemiran emana) filmen zuzendarietako bat ere izan da. Halaber, Ama (2018, Kimuak katalogoan bildua) eta Anti (2019) film laburrak zuzendu ditu. Mirande, film bat egiteko zirriborroa ere aurkeztu du Zinemiran.

Martxoaren 20an, asteazkenarekin, izango da emanaldia Aita Mariko zine aretoan, eta ikus-entzunezkoaren zuzendari Martinez bera ere bertan izango da filma aurkezten. Amaieran, solasaldia ikusitakoaren inguruan iritziak nahiz kezkak partekatzeko aukera egongo da.