Bihar iluntzean txandakako zirkulazioa zabalduko dute Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidean

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 14a, 14:13
Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea. (Utzitakoa)

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo arratsaldean jakinarazi zuen N-634 errepidea konpontzeko lanak "aurreikusitakoa baino epe laburragoan" egin dituztela eta bihar 20:00etatik aurrera errei bat semaforo bidez irekiko dela.

Kostako bizilagunentzat albiste ona eman zuen atzo arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiak: Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea konpontzeko lanak "uste baino epe laburragoan" egin dituzte, eta ostiral iluntzetik aurrera, errepidea zabalik egongo da. Bihar 20:00etan zabalduko dute errepideko errei bat, eta semaforo bidez bideratuko dute zirkulazioa.

Azken egunetan, Getariatik Zarautz aldera joateko Garate gaina erabili behar izan da, eta Meagatik barna iritsi Zarautzera; berdin, Zarauztik Getariara joan nahi izan dutenek. Izan ere, errepidean zulo handia eragin zuen denboraleak hil hasieran.