'Goiko' dokumentala eskainiko dute ostegunean Aita Marin

Maria Maya Manterola 2024ko mar. 12a, 12:00
Goikoetxearen azken partidako irudi bat. (Arnaitz Rubio Aprea)

Puntistaren kirol ibilbide oparoari buruzko ikus-entzunezkoa Zumaian ikusi ahal izango da EITBko datorren asteko emisioaren aurretik. Doan izango da sarrera, baina gonbidapena eskuratu beharko dute joan nahi dutenek.

Iñaki Osa Goikoetxeak haren kirol ibilbidea amaitutzat eman berritan, Goiko izeneko dokumentala ekoitzi du Berde Produkzioak taldeak, eta hilaren 19an emango dute EITBn. Dena den, zumaiarrek aurrez ikusi ahal izango dute puntista zumaiarrari buruzko ikus-entzunezkoa. Etzi, osteguna, Aita Mariko zine aretoan eskainiko dute, 19:00etan.

Doan ikusi ahal izango da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea. Bihar eta etzi jaso beharko dute interesdunek Turismo bulegotik, eta pertsona bakoitzak gehienez ere bi hartu ahal izango ditu.