'Geurea erabili dezakezu' kanpaina jarri dute martxan nerabeek saltokietako telefonoak erabili ditzaten

Andrea Zipitria 2024ko mar. 12a, 15:00
'Geurea erabili dezakezu' kanpainaren aurkezpena.

Herriko hainbat saltokitan pegatina identifikagarriak jarriko dituzte Altxa Burua! elkartearen ekimenez, nerabeek establezimendu horietako telefonoetatik deitzeko aukera izan dezaten. Gerturen eta udalaren laguntzarekin egindako kanpainaren helburua da lehen gailua eskuratzeko adina atzeratzea, eta nerabeak kalean mugikorrik gabe lasai ibiltzea bultzatzea.

Zumaiako bi guraso elkarteek sortutako Altxa Burua! elkarteak hezkuntza alorrean jardun du hainbat ekimen egiten. Orain, ordea, kalean egingo duen lehen kanpaina aurkeztu berri du, Geurea erabili dezakezu izenburupean.

Helburu du lehen gailua eskuratzeko adina atzeratzea, eta nerabeak kalean mugikorrik gabe lasai ibiltzea bultzatzea. Asmo horretatik abiatuta jarri dute martxan Geurea erabili dezakezu egitasmoa martxan, Gerturen eta udalaren laguntzarekin.

Pegatina identifikagarriak jarriko dituzte proiektuarekin bat egin duten saltokietako erakusleihoetan. Hala, aurrerantzean haurrek eta nerabeek pegatina hori ikusten dutenean jakingo dute bertako telefonoa erabil dezaketela behar duten deia egiteko. Gertu elkarteko establezimendu gehientsuenek egin dute bat ekimenarekin.