Zaintza eta etxebizitzari buruz gogoetatu dute

Maria Maya Manterola 2024ko mar. 12a, 11:00
Joan den ostegunean egindako bilkuraren irudi bat. (Zumaiako Udala)

Zumaian Zaintza Zaintzen prozesuaren barruan, hainbat gaien inguruan hausnartzeko saio irekiak egingo dituzte. Joan den ostegunean izan zen lehenbizikoa, eta etxebizitza izan zuten hizketagai.

Zumaiako Prebentzio Mahaiak eta udalak iaz abiatu zuten zaintzari buruzko prozesua, Zumaian Zaintza Zaintzen izena duena,  "herrian zaintzaren eta zaintza lanen sistema birpentsatzearen eta berregituratzearen garrantziari buruzko kontzientzia gero eta handiagoari erantzunez". Iaz diagnostikoa eta ekintza plana egin zuten 2023-2027 agintaldirako, eta orain, beste fase bati ekingo diote diagnostiko hartan identifikatutako  gai zehatz bat mahai gainera ekarrita: etxebizitza eredua.  

Aurreneko saioa edo bilera hori joan den ostegunean egin zuten gaiaz arduratzen ari den Prebentzio Mahaiak deituta. Bilera goizez egin zuten, 09:00etatik 12:00etara, ludotekan. Saio horretan, hasteko, hainbat "esperientzia positibo" aurkeztu zituzten: Errenteriako etxebizitza komunitarioak, Usurbilgo Txirikorda eta Madrilgo Entrepatios etxebizitza kooperatiba, hain zuzen ere. Ondoren, udalak martxan dituen proiektuak aurkeztu zituzten. Herrian dauden etxe tutelatuak eta aurrera begirako asmoez aritu ziren, alokairu sozialaz, besteak beste. 

Jarraian, hausnarketa kolektiboa egin zuten bertan bildutakoek, eta ideia zaparrada bat eginda, Zumaian martxan jar daitezkeen egitasmo edo ekintzak pentsatzeari ekin zioten taldeetan banatuta. 

Belaunaldi eta familia eredu desberdin guztiei zuzendurikoak izan behar dute Zumaiako egitasmoek, taldeetan ondorioztatu zutenaren arabera. Alokairuaz ere aritu ziren ludotekan bildutakoak: alokairua bultzatzeaz gain, etxeek neurriz eta egituraz askotarikoak izan behar dutela ere aipatu zuten, eta baita espazio komunen garrantzia nabarmendu ere. 

Beste hiru saio

Orain, Prebentzio Mahaiaren koordinazioak ondorio horiek guztiak jasoko ditu, gero udal gobernuak bere politiketan nola txerta ditzakeen hausnar ditzan.  Prebentzio Mahaiak iragarri duenez, guztira lau gaien inguruko lau saio egingo dituzte, herrian zer egin daitekeen pentsatzeko.