Koldo Aldalur: "Kazetariak beti egin behar du zalantza, eta galdetu: 'Hori horrela ote da?'"

Ane Olaizola (Gipuzkoako Hitza) 2024ko mar. 9a, 13:12
Koldo Aldalur. (Argazkia: Ane Olaizola)

Koldo Aldalur kazetaria ezaguna izan da 35 urtez EITBn. Kirol kazetaritzan zaildua da, eta 1.500 emankizun baino gehiago eskaini ditu bere ibilbidean. Azken urteetan albistegien alorrean egin du lan.

Bizimodu berriari neurria hartzen ari zaio Koldo Aldalur (Zumaia, 1959), erretiro aurreratua hartu berritan. Kazetaritzako ofizioan aritzetik —1.500 emankizun baino gehiago eskaini ditu— eguna libre edukitzen ohitzera uste baino gehiago kostatu zaiola azaldu du azpeitiarrak, baita laneko harreman saretik urruntzea ere. Oraingoz, baratzea du eguna betearazten dion afizio. 

Nola daramazu bizimodu berria?

Beti esan izan da jubilatuen bizitza oso ederra dela, baina, nire kasuan, aurreneko bost hilabete hauek ez dira horrela izaten ari. Oso gustuko ditut mikroharremanak, eta nire izaeragatik edo ofizioagatik beti izan ditut harreman asko. Azken urteetan, 06:30 aldera sartzen nintzen lanera, eta 09:00etan Extremadurako bi garbitzailerekin hartzen nuen kafea. Ondoren, erredakziora irudiak iristen ziren bitartean, berriketa saio bat egiten nuen besteren batekin. Detaile asko izaten dira: begiradak, besarkadak, «gero arte!» esatea... Egunean harreman txiki mordo bat izatetik ia batere ez izatera igaro naiz, eta lantokikoen falta sumatzen dut, garrantzitsua baiteritzot gauza txiki horiei balioa ematea. Egia da egun bizitza oso ona dudala, ia nahi dudan guztia egiten baitut. Ondo bizi naiz, baina hutsune batekin.

35 urtean kazetaritzan harreman sare sendoa sortu duzu?

Azken urteetan albistegietan egon naiz, eta horko ia guztiak lankide izan ditudala esango nuke. Baina aurretik, 25 urte igaro nituen kirol sailean, eta hango batzuk lagun ditut, benetakoak. 2015ean, esaterako, oposizioak tarteko, arazo bat izan nuen, eta utzi egin behar nuen sail hori, albistegietara igarotzeko. Lagun batzuk prest azaldu ziren beren soldataren eta denboraren zati bat niri uzteko nik sail horretan lanean jarrai nezan. Horiek lagunak dira, ez soilik lankideak.

Lankideekin ez ezik, kazetariak une oro egon behar du jendearekin hartu-emanean. Horien hutsunea ere sentitzen duzu?

Lan ibilbidea amaitu nuenean, lagun ez direnen telefono zenbakiak ezabatu nituen telefonotik. Politikarienak, kirolarienak, administraziokoenak... Benetan eduki nahi nituenekin geratu nintzen, haiekin dudan harremana lanekoa baino gehiago delako. Izan ere, gure lanbidean, egun batean bazkaltzen duzu ez dakit norekin, hurrengoan beste batekin... Hala, ohartzen zara guk kontatzen ditugun istorioak direla historia errealaren parte txiki bat bakarrik.

Zergatik?

Egon zintezke gauza oso-oso interesgarriak kontatzen dizkizun pertsona batekin hitz egiten, baina ondorengo lana oso murriztailea da; albistegietan, batez ere. Editoreak zera esaten dizu: «Ez zaitez pasatu minutu bat eta hamar segundotik». Baina nik nahiko nuke elkarrizketa bat lasai egiteko formatua izan, badaudelako horretarako gaiak. Era berean, uste dut gizarteak ez duela gaia arakatuko duen elkarrizketarik nahi. Titulu edo lerroburu bat nahi dugu, gehiagorik ez. Hori guztia frustragarria da, ohartzen zarelako ez duzula kontatzen albistearen muina. Kazetariarentzat ere oso arriskutsua izan daiteke hori, oso erosoa delako. Eta erosoa da, batez ere, prentsa arduradunak daudenetik. Kazetaritzaren heriotza da hori. Prentsa arduradunek guztia ematen dute eskura, eta gu funtzionarioen moduko zerbait bihurtzen gara. Baina kazetaritza jakiteko nahia da, eta, batez ere, kontatzeko nahia.

Zer galdera darabilzkizu buruan?

Ditugun ideiak nondik etorri zaizkigu? Nork esan digu guri hori horrela dela? Herri ondoan gertatzen denaz badakigu, baina informazio orokorra, komunikabideena, erabat markatuta dago, eta guk sinetsi egiten dugu kontatzen digutena. Kazetariak beti egin behar du zalantza, eta galdetu: «Hori horrela ote da?».

Jakin-min horrek bultzatuta izan al zara Lesbosen, Grezian, hango kanpalekuan bizi direnei otorduak egiten?

Sentitzen nuen zor bat nuela gu baino askoz ere egoera okerragoan bizi den jendearekin. Lesbosen 6.000 pertsona bizi dira Identifikazio eta Erregistro kanpalekuan. Horietatik 2.000 umeak dira, eta 160 emakume haurdun daude; gehienak, bakarrik. Emakumea, gainera, azkena da hor, gozamenerako objektua. Hemen 6.000 pertsona esatea datu bat besterik ez da, baina han estatistika errealitate bihurtzen da. Ilusio falta ikaragarria dute, ez dutelako ezer. Han konturatzen zara Europa zer den. Europak jartzen du diru kopuru ikaragarria errefuxiatuak han edukitzeko. Greziak, berriz, poliziak eta militarrak jartzen ditu kanpalekua inguratzeko. Iheslariek Europara nahi dute ailegatu, ez dakite hemen zer aurkituko duten, baina Europa paradisua da haientzat. Greziako Gobernuak, ordea, han mantendu nahi ditu, dirutza jasotzen duelako bitartean. Europak, orduan, eskuak garbitzen ditu. Beraz, Europa, paradisu zena lehen, traba bihurtu da orain, eta Lesbosen ere hasi dira ohartzen horretaz.

Lesbosen (Grezia) izan zen iaz Koldo Aldalur kazetaria, Zaporeak elkartearekin. Hiru astez izan zen, hango kanpalekuetan zeudenei janaria prestatzen eta banatzen. Irudian, Aldalur —eskuinetik hasita lehena—, iazko azaroan, Lesbos uhartean, Zaporeak elkartearen lantalde osoarekin, sukaldeko eta okindegiko lanak amaituta, iheslariei otorduak banatzen hasi aurretik.

Zer ikusi duzu han?

Greziak janaria ematen die hango migratzaileei, baina inork ez luke hori jango, ez baita batere duina. Horregatik, Zaporeak elkarteak 2.900 otordu ematen dizkie egunero. Janaria banatzen hasten zara, baina badakizu ez diezula denei emango. Azken errazioa eman duzunean, 10 urteko neska bat datorkizu, egun osoan jango duen otorduaren bila. Min handiz, esaten diozu janaria bukatu dela. Egunero errepikatzen da egoera bera. Sentimenduak asko azaleratzen dira han.

Ilusio guztia galdua dute, ez daukatelako ezer egiterik. Miseria leku guztietan ikusten da. Prostituzioa dago, eta hiru euroren truke nahi duzuna egin dezakezu. Nork ditu barruak ume edo emakume horiengana joateko? Bestalde, han egon nintzen bitartean, gurekin lan egin zuen pertsona batek, lau urteren ondotik, paperak lortu zituen. Orduan kanpalekua utzi egin behar izaten da, eta pertsona hori konturatu zen ez zuela dirurik Europara joateko. Ez dute ezer, zentimorik ere ez. Poliziak han harrapatuz gero, beren sorterrira itzularazten dituzte, eta orduan, kito.

Motxila beteta itzuli al zara?

Lesbostik etorri, eta Bilboko aireportuan entzun nuen lehenengo gauza Black Friday izan zen. Hurrengo egunetan ere, albistegietan esaten zuten euskaldun bakoitzak ia 90 euro gastatuko genituela deskontu horietan, behar ez ditugun gauzak erosten. Baina zertan ari gara?

Urte askoan aritu zara kazetaritzan, baina literaturara ere salto egin zenuen duela hilabete batzuk: Martin liburua kaleratu zenuen.

Oso pertsona gutxik izan duten zortea izan dut nik, ia bizitza guztian euskaraz egin dudalako lan, eta horrek baditu ondorio batzuk: ez dut gustuko militantismoa. Hau da, euskarazko edo euskal egile baten liburu bat irakurtzen hasi eta ez bazait gustatzen, utzi egiten dut, eta gauza bera egiten dut musikarekin, filmekin, antzerkiarekin... Euskararen zale amorratua naiz, baina militantzia ez dut aguantatzen. Hori horrela, batzuetan pentsatzen nuen gauza erakargarri oso gutxi zegoela. Horregatik, ni neu ere idazten hasi nintzen, eta inongo balio literariorik ez duen kontakizun bat egin nuen behin. Ez nekien zaborretara bota ala argitaratu, eta ez botatzeagatik, ale gutxi batzuk argitaratu nituen, lagunei-eta emateko. Liburuak erabat aldatu du aurrez nuen ikuspuntua. Izan ere, konturatu naiz izugarrizko balioa duela paper zuri baten gainean idazten hasteak; izugarrizko miresmena diet lan hori egiten dutenei.

EITBn hainbat gorabehera izan zenituen, oposizioak zirela eta. Zer sentimendu sortzen dizu hainbeste urtez lantoki izan duzun etxeak?

Lehen esan bezala, han lagunak ditut. Horrez gain, EITB prozesu gogor batean dago sartuta, enpresa egonkortu egin nahi dute. Horrek bere traumak ekarriko ditu. Izan ere, urteak daramatzaten hainbat kidek enpresatik kanpo geratu beharko dute, denentzako lekurik ez dutelako egin nahi. Ez dakit prozesua justua den ala ez, baina hori da gertatzen ari dena. Kontua da gazteak behar dituztela, haiek dira etorkizuna, eta enpresa berritzen hasita, ez dituzte 60 urtekoak finko egingo. Gazteak oso onak dira lanean, gauzak segituan ulertzen dituzte, baina sentipena dut gazteek ez dutela guk garai batean euskararekiko genuen jarrera aktiboa. Gure belaunaldia, berriz, joan da, eta orain, beste batzuei egin behar zaie lekua. Azken urteetan, nire adin bertsukoak gazteen agenda bat bihurtu gara: «Koldo, ba al daukazu honen telefonoa?», esaten didate. Dena den, euskararen kontuan ere bagara gazteentzat erreferenteak, zalantza ugari argitzera jotzen dutelako guregana.

Zer asmo duzu orain?

Bizitza berrian oreka bilatu nahiko nuke. Hori da sekretua. Jubilazioa momentu interesgarria da bizitzan. Esaterako, asmoa dugu autoz penintsulari buelta emateko, nahi dugun lekuan geratuz, aurreikuspenik gabe. Izan ere, orain arteko guztia zen ordutegia. Orain behar duguna da lasaitasuna, bakea.

MOTZEAN

Kazetari izan ez bazina?

Arrandegiko langilea edo irakaslea izango nintzateke. 

Telebistako zer eduki mota duzu gustuko? 

Kirol emankizunak.

Kirol bat? 

Pilota.

Esatari bat? 

Fermin Aramendi.

Egin duzun emankizun berezirik? 

Buruz buruko edozein final da zirraragarria. 

Zeren emankizuna egitea gustatuko litzaizuke? 
Gustura kontatuko nuke mundua bakean dela, eta gerra egoeran daudenen zein errefuxiatuen egoera aldatu egin dela. 

Baduzu betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?

Ametsez beteta nago, eta erretiro aldia sasoi ona da erronketarako. Ni eta nire ondokoak zoriontsu izatea, amets horixe dut, eta ni neu koherenteagoa izatea ere nahiko nuke. 

Gipuzkoako Hitzan argitaratutako elkarrizketa da honako hau.