Mundu hobe bat zizelkatzen

Maria Maya Manterola 2024ko mar. 9a, 08:00
Azken egunotan aritu dira eskultoreak muntaketa lanetan. (Maria Maya Manterola)

Martxoaren 24ra bitarte ikusi ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan emakume eskultoreen erakusketa. Gaur bertan izango dira irekiera ekitaldia eta bisita gidatua, Oxforden bertan.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, ekintza ugari izan da eta izango da herrian, eta sorkuntzari ere bere lekua egin nahi izan diote. Hala, emakume eskultoreen lanak ikusgai daude atzo hasi eta hilaren 24ra bitarte.

Hamahiru emakumek zizelkatutako askotariko piezak erakutsiko dituzte, hain zuzen. Horietako bat da Irene Zarranz Pagola, eta hark erakusketaren muntaketan azaldutakoaren arabera, elkarrekin prestatutako hirugarren erakusketa da Zumaiako Oxford aretoan datozen egunetan ikusgai izango dena. "Eskultoreen topaketa batean ezagutu ginen. Mistoa izan zen topaketa hura, baina beharrezkoa ikusi genuen emakumeok geure artean beste talde bat sortzea", azaldu du Zarranzek. Haren hitzetan, "zoritxarrez" Martxoaren 8aren bueltan eta Azaroaren 25aren –Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna– aitzakian jasotzen dituzte beren lanak erakusteko eskaera gehien.

Alondegiko Oxford aretoan erakusketa ezarriko zutela jakin zutenean, inguruan zer zegoen begiratu zuen Zarranzek: "Pareko plaza Saregile plaza dela ikusi nuen, eta aretoko leihoek, gainera, plaza horretara ematen zutela. Itsasoa ere ikus daiteke aretotik bertatik". Zarranzentzat "sinbolikoa eta adierazgarria" da sarearen metafora. Getariako saregileekin ere jarri da harremanetan, orain arte sortutako sare hori erakusteaz gain, ehuntzen jarraitu nahi dutelako.

Bisita gidatua, gaur

Dena den, beren lanak erakutsi ez ezik, bisita gidatua ere egingo dute, eta horretan jarri nahi izan dute azpimarra. Izan ere, Zarranzek dio batzuetan piezaren eta bisitariaren artean "hesi bat" sortzen dela, eta hori hautsi asmoz elkargune bat sortu nahi izan dutela. Bisita hori gaur bertan egingo dute, larunbatez, 18:00etan hasita, Oxforden bertan.

Piezak sortzeko orduan inspirazio iturri izan dituzten artisten berri ere eman nahi izan dute emakume eskultoreek, eta, horretarako, QR kodeak ezarri dituzte pieza bakoitzaren ondoan. Era horretan, bisitaria aretora gonbidatzeaz gain, aretotik kanpo dituzten erreferentzia sareetara egin nahi dute salto sortzaileek.

Hilaren 24ra arte izango da ikusgai erakusketa, egunero, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.