Morez jantziko da Zumaia gaur

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 8a, 10:30
Martxoaren 8ko irudi bat. (Zumaiako Udala)

Manifestazioa egingo dute iluntzean, eta ondoren, Emakumeen Eskuz Binakako Euskal Ligako finalak izango dira Aitzurin. Datozen egunetarako ere hainbat ekintza antolatu dituzte.

Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Aldarrikapen eguna izan ohi da, kalera irtetekoa, eta halaxe egingo dute beste behin zumaiarrek. Batetik, manifestazioa egingo dute 19:00etan Beheko Plazatik hasita, Mugimendu Feministak deituta. Bestetik, 20:00etan Emakumeen Eskuz Binakako finalak ikusteko aukera egongo da Aitzurin.

Udalak eta Mugimendu Feministak elkarlanean antolatu dituzte Martxoaren 8aren bueltako ekintzak, eta datozen egun eta asteetan ere hainbat saio izango da herrian. Atzo bertan, esaterako, Nire espazioa eman antzezlana eskaini zieten herriko ikasleei Aita Mari zineman, eta Emakumeon Etxean, berriz, Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlana ikusteko aukera egon zen.

Honakoa da egitarau osoa:

Egitaraua



Gaur, Martxoak 8:

19:00. Manifestazioa Beheko plazatik hasita, Mugimendu Feministak deituta.
20:00. Emakumeen Eskuz Binakako Euskal Ligako finalak, Aitzuri frontoian.


Martxoak 13, asteazkena:

18:00. Nola bizi duzu martxoaren 8a? gogoeta saioa, Farapi Koop. Emakumeon Etxean, euskaraz.

Martxoak 14, osteguna:

18:00. Stand up komedia: Esti Curiel, Maria Blanco, eta sorpresa gehiago, Emakumeon Etxean.

Martxoak 21, osteguna:

18:30. Revisando el pasado con gafas lilas hitzaldia, Tahis Torra Burguesen eskutik. Gaztelaniaz izango da. Emakumeon Etxean.

Apirilak 17, asteazkena:

18:30. Lodifobia zainetan hitzaldia, Edurne Pujana Deba, Daiteke Aholkularitza, Emakumeon Etxean, euskaraz.