Jai Alai ligako txapelketa hartuko du Zumaiak ere

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 7a, 13:43
Aitzurik hartuko ditu ligako txapelketako partidak. (Peio Romatet)

Jai Alai League zesta punta liga aurkeztu dute gaur. Antolatzaileen asmoa kirol jarduera hau urte osora zabaltzea da, eta hala frontoi gehiago sartuko dituzte egutegian. Zumaiak ere hartuko du ligako txapelketa bat, apirilaren hasieran.

Jai Alai League zesta punta ligari bultzada handia emango diote aurten. Izan ere, Ipar eta Hego Euskal Herriko herri eta frontoietan jokatzen den liga honetako data biderkatu egingo dute: iaz lau txapelketaz osatu zen, baina aurten hamahiru hitzordu izango ditu. Hala, urte osoko egitaraua osatuko dute. 

Antolatzaileen esanetan, "pilotazaleak eta pilotariak denbora daramate urte osoko egutegia eskatzen, txapelketa garrantzitsuenak formatu berean joka daitezen. Azkenean eta lan askoren ondoren, Ligak zirkuitu berean batuko ditu pilotari onenak, kirola profesionalizatuz eta etorkizunera begira oinarri sendoak ezarriz".

Ligaren lehen urtean lau txapelketa nagusi eta Durangoko azken laukoa izan ziren. Txapelketa horiek Eusko Label Winter Seriesa, Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak eta Paueko Kopa izan ziren, eta Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek jantzi zuten, pasa den urrian, liga honetako lehen txapela.

Bigarren denboraldi honetan, lau txapelketatik hamahirura pasatu dira, bi kategoriatan banatuta. Slam mailakoetan, Donibane Lohizuneko Cesta All Star, Bilbao Iron Cup, Markina-Xemeingo Grand Slama eta udan egingo den Gernikako Grand Slama izango dira berrikuntzak. Masters kategorian, berriz, Gasteiz, Zumaia, Lekeitio, Paueko Cesta de Nadau txapelketa eta Biarritzeko Nazioarteko Opena batu dira ligara. 

Zumaian, apirilean

Zumaiak apirilaren 1etik 8ra bitartean hartuko du ligarako puntuagarria izango den Jai Alai Masters Series txapelketa. Partidak Aitzuri frontoian jokatuko dira.