Kirola ere euskaraz, naturaltasunez

Maria Maya Manterola 2024ko mar. 7a, 10:30
Solasaldiko une bat. (Larraina euskara taldea)

Euskararen eta kirolaren arteko harremanaz aritu ziren atzo arratsaldez Aita Mari aretoan, Larraina euskara taldeak antolatutako Euskara, bestela ez gara zikloko hirugarren mahai inguruan.

Euskarak zer presentzia du kirol profesionalaren munduan? Galdera horren inguruan aritu ziren atzo hizketan Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloko hirugarren saioan. Gaia interesgarria zen, baita solaskideak ere: Jagoba Arrasate Osasuna futbol taldeko entrenatzailea eta Euskal selekzioa gidatuko duena Urugairen aurkako partidan, eta Arritxu Iribar kazetari zumaiarra. Mahai ingurua Ane Urkirik gidatu zuen. Jende ugari bertaratu zen Aita Mari aretoan egin zen saiora.

Galdera-erantzunekin, iritziak eta pasadizoak tartekatu zituzten saioan zehar. Hala, Jagoba Arrasateren ustez, euskara sustatzeko erarik onena erabilera da, eta naturaltasunez bizi du; Arritxu Iribarrek, berriz, atzera egin zuen denboran, Euskadi Irratian hasi zen garaira, eta akordarazi zien entzuleei, orduan hiztegirik ere ez zeukatela eta Jose Angel Iribarri esker egin zela lehena. Prentsarekin harremana eta prentsaurrekoak ere aitatu zituzten, eta euskarazko adierazpenak lortzeko dauden zailtasunak eta erraztasunak.

Arrasatek Iruñearen eta Osasunaren berezitasunak azaldu zituen, nola elkartzen diren han euskararen oso aldekoak eta oso aurkakoak, hori nabaritzen dela, baina ez dela egoten aurkakoei begira, haiek zer esango edo zer egingo; Iribarrek, aldiz, behin eta berriz azpimarratu zuen euskarak balio izan diola kirolari batzuengana gehiago hurbiltzeko eta konfiantzazko harremanak egiteko; biek azpimarratu zuten garrantzitsua dela kirolari euskaldunak euskaraz ikustea eta entzutea, euskarazko erreferentziak izatea, eta Arrasatek adierazi zuen ez duela ulertzen nola ETBk eginarazten dien gaztelaniaz euskal kirolariei: “Zer zentzu dauka? Geure buruari harrikadaka ari gara”, esan zuen… Biak ere euskaraz bizitzeko ahalegina egiten ari dira egunero, eta aitortu zutenez, euskarak eman die bizitzeko era bat, zoriontsu izateko era bat.

Amaieran, tarte bat izan zen publikoak galderak egiteko.