Hamaika argi gure euskarari

Itzaletik argira (I): Ikastola

Imanol Azkue Ibarbia 2024ko mar. 10a, 09:00
Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza

2024ko otsaileko Baleike aldizkariaren Hamaika argi gure euskarari atalerako idatzitako artikulua da hau.

Satorrak baino lurperago ibili ziren euskaldunak Francorekin, baina urterik gogorrenak iraganda, zirrikitu eta aukera berriak aprobetxatuta, euskara biziberritzeko inoizko mugimendurik handiena hasi zen 1960ko hamarkadan. Zenbaki honetan, batez ere Ikastola ikusiko dugu; hurrengoan, berriz, euskara nola sendotu zen gurean XXI. mendean sartzearekin batera.

Zentro parrokialaren bueltan zebiltzan guraso gazte batzuen ekimenez, 1966an Ikastola jarri zen martxan, Elizaren babespean eta Zentroan bertan, oso baldintza prekarioetan: andereño bakarra (Eguzkiñe Senosiain) eta gela bakarra, lurrean jarri eta kendu egiten ziren ohol batzuen gainean… Haur haien gurasoek entzuna zeukaten inguruetako herrietan (Donostian, Zarautzen…) sortzen ari zirela ikastolak, eta hitz egiten eta biltzen hasi ziren. Zailtasunak eta oztopoak asko izan zituzten: agintariek erraztasunik ez, irakasleak titulurik gabe, lokal eta baliabide egokirik ez, dirua falta, ume gutxi hasieran, egitasmo hura nola bukatuko zen ziurtasunik ez…, baina guztiei aurre egin zieten. Hurrengo urteetan, gainera, proiektua sendotu eta ume gehiago hastearekin batera, beste leku batzuk aurkitu behar izan zituzten: Apaizetxean, aizpuruatarren etxeko ganbaran, Aita Mari zineman, Aita Mari poligonoko etxabe batean… Zumaiar asko aritu ziren lanean Ikastola bultzatzen, baina bereziki bi izen nabarmentzen dituzte haietako gehienek, eta bakoitza lan batean: Manolo Aizpurua, administrazio edo gestio kontuetan; eta Andoni Ormazuri, ikastolarako umeak bilatzen.

Ikastola proiektu berritzailea zen: euskaraz irakasten zen eta euskal kultura bultzatzen zuen; gurasoak hezkuntza proiektuko kide ziren, parte hartzen zuten eta inplikatuta zeuden, bakoitzak ahal zuen bezala laguntzen zuen (dirua biltzen, lokalak garbitzen, gelak konpontzen...); irakasteko metodologia ere berria zen eta haurra zen beti protagonista… Baina gurasoez gain, euskara bultzatu eta euskaraz bizi nahi zuten beste hainbat zumaiar ere elkartu zitzaizkien, laguntzaile talde batek babes handia eman zion Ikastolari, ulertu zutelako hezkuntza proiektu bat baino gehiago zela etorkizunerako.

Haurrekin lan egiteaz gain, Ikastolak euskara, euskaltzaletasuna eta euskal kultura biziberritzeko lan egin zuen: hitzaldiak, ikastaroak, euskal literatura…, beste talde edo elkarte batzuekin elkarlanean (adibidez, Herri Gaztedirekin). Orduan jarri zen martxan, baita ere, euskara ikasteko gau eskola, hasieran Zentroan eta Apaizetxean; aurretik, Radio Loyolan ere aritu ziren zumaiar batzuk irrati programen bidez euskara irakasten.

1972an, ordea, krisia izan zen Ikastolan. Arrazoia? Azalekoak: umeak norenak ote ziren eztabaida, erlijioa ez zela behar bezala irakasten, umeek oso berandu ikasten zutela idazten eta irakurtzen…; sakonekoa, berriz, ohiko bi ikuspegi kontrajarriren arteko talka (tradizioa eta modernitatea, eskuina eta ezkerra…). 1972ko maiatzean, guraso gehienek Ikastolatik alde egitea erabaki zuten, eta umeen herena baino ez zen geratu; Ikastolan jarraitzea erabaki zutenentzat, berriz ere zerotik hastea bezala izan zen: batzorde berria eratu, finantzazio bideak pentsatu (zozketak, santelmoetako berbena, taberna festetan…), haurrak bilatu eta abar.

Baina ume haiek ikasten jarraitu zuten, eta oinarrizko ikasketak bukatuta, erakutsi zuten bazirela nor, Ikastolan ikasi egiten zela, euskara hutsean. Trantsizio garaia zen, eta euskara, pixkanaka, espazio berriak bereganatzen hasi zen: alderdi politiko abertzaleak sartu ziren udaletxean; Maria eta Jose ikastetxean B eta D ereduak ematen hasi ziren 1980an…

Leku gehiago behar zuen Ikastolak, eta 1979an gela bat Arrangoletan ezarri zen, Eskola Nazionalean. Oso adierazgarria zen joera: Ikastolan gero eta haur gehiago, baldintza kaskarretan; eskola nazionalean, gero eta gutxiago, leku eta baliabide hobeekin. Baina Arrangoletako eraikina udalarena zen, eta Ikastolaren alde egin zuen, lekua uzteko. Julene Azpeitia ikastetxe publikoa egin zutenean, eskola nazionala hara aldatu zen.

Arrangoletak aldaketa ekarri zuen: gela ugari, irakasleak elkarrekin, baliabide gehiago, ziklo osoa bertan… Larre motzean ohituta zeudenei hasieran luxua iruditu zitzaien, baina eraikinaren gabeziak nabarmenak ziren: kalefakziorik ez, fundamentuzko jolaslekurik ez… Gainera, Arrangoleta ez zen nahikoa izan Ikastolaren behar guztiak asetzeko, eta txikien gela batzuk Alondegian eta Poligonoan egon ziren.

Baina Ikastolarentzat ez ezik, beste talde batzuentzat ere zabaldu zen Arrangoleta. Gau eskolen erreleboa hartu zuen AEK-k, Ikastolaren ordutegitik kanpo. Halaber, Arrangoletan sortu zen, 1982an, Zumaiako Bertso Eskola, Euskal Herriko lehenengoetako bat, hasieran Ikastolari estu lotua, gero bestelako ekimenak jarri zituena abian: Anade elkarteko txapelketak, bertso paperen lehiaketak, bertso jaialdiak… Zenbat lan, besteak beste, Joanito Dorronsorok eta Manuel Mari Garatek!

Horrez gain, herriko beste ikastetxeetan ere aldaketak izan ziren, etorkizuna nola zetorren seinale: Maria eta Jose ikastetxean D eredu hutsean ematen hasi ziren 1986an; San Pedro ikastetxeak, berriz, B ereduan jarraitu zuen, 1992an desagertu zen arte. Orduan, D eredua nagusi geratu zen Zumaian, eta etorkizuneko zumaiarrek euskaraz jakitea bermatuta geratu zen.

Arrangoletak Ikastolaren proiektua sendotu egin zuen, baina herrenka jarraitzen zuen, ez zuelako lortzen ekonomikoki bideragarria izatea. 1993an, Eusko Legebiltzarrak Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen, eta lehendik zetorren eztabaida areagotu egin zen Ikastolan, publifikazioa zela eta: batzuek publifikazioan ikusten zuten hainbat urtetan pairatutako gabezien eta zailtasunen konponbidea, baita etorkizun ziurragoa ere; beste batzuek, berriz, Ikastolaren sorrerako balioei, izaerari eta nortasunari heltzen zieten, sare publikoan ez sartzeko. Gehiengoak publikoaren alde egin zuen, ordea, eta 1994an Herri Eskolan bat egin zuten Zumea Ikastolak, Julene Azpeitia Ikastetxe Publikoak eta Zumaiako Institutuak, eta ikastetxe berria eraiki zuten Sagarbiden, 1998an.

1994an beste nobedade bat ere izan zen: udal euskaltegia sortu zuen udalak. Zerk bultzatu zuen udala erabaki hori hartzera? Arrazoi batzuk aitortuak ziren eta beste batzuk suma zitezkeenak: ustez aukera politiko baten aldera gehiegi lerratzea AEK, herritik kanpo euskara ikasten ari zirenei beste alternatiba bat ematea, kalitatezko irakaskuntza, irakasleen titulazioa… Orduan, AEK-k lokal bat hartzea erabaki zuen, Erribera kalean, eta urtebete geroago, 1995ean, indarra erakutsi nahian, AEK Eguna ospatu zen Zumaian.

Beraz, Zumaiako Ikastolak 30 urte inguruko ibilbide oparoa egin zuen, sorreratik hezkuntzako sare publikoan sartu arte, eta bide horretan ezinbesteko bilgune eta langunea izan zen Zumaiako euskaldunentzat euskara indartzeko eta hurrengo urteetako sarea ehuntzen hasteko.