Zumaia tentsiopeko eremu izendatzea onartu du udalbatzarrak

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 2a, 12:04
Etxebizitza turistikoen inguruko arau aldaketa aho batez onartu zuten. (Juan Luis Romatet)

Etxebizitza turistikoak neurtzeko araudia ere onartu zuten pasa den ostegunean egindako otsaileko ohiko udal bilkuran.

Otsailari dagokion ohiko udalbatzarra egin zuten ostegun arratsaldez udaletxeko pleno aretoan. Aurrez iragarri bezala, etxebizitza turistikoak neurtzea helburu zuen arau subsidiarioen aldaketa aztertu zuen udalbatzak. Araudi honek etorkizunean Zumaian irekiko diren etxebizitza turistikoei baldintza batzuk jarriko dizkie. Ez zen debaterik izan, arauen aldaketa zinegotzi guztien aldeko botoekin onartu zelako. Behin betiko onartu zuen udalbatzarrak baldintza multzo hori, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero helegiteak aurkezteko epea zabalduko da.

Etxebizitzei buruzko beste puntu bat ere izan zuten aztergai osteguneko saioan. EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako mozio bat jarri zen mahai gainean. Proposamen honek Zumaia "tentsiopeko eremu" izendatzea eskatzen duen, era horretan 2023an Espainaiko kongresuak onartutako Etxebizitzen lege berriak eskaintzen dituen neurriak –alokairuaren prezioak mugatzea, besteak beste– aplikatu daitezen.

Iñaki Ostolaza alkateak irakurri zuenez, tentsiopeko eremu izendatzeko baldintza batzuk bete behar dira. Horien artean dira azken bost urteetan etxebizitzaren prezioa KPIaren igoera baino hiru puntu handiagoa izatea, eta etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoak egoiliarren diru sarreren %30a gainditzea. Zumaiako kasuan, bi baldintza horiek betetzen direla nabarmendu zuten mozioaren sustatzaileek. 

Izendapen hori formalizatzeko, udalak eskaera formala egin behar dio Eusko Jaurlaritzari, "eta horretarako, justifikazio memoria bat, etxebizitzen merkatuari buruzko txosten bat eta hiru urterako hiri bizitzaren plan bat aurkeztu behar ditu arazoari aurre egiteko". Plenoan gaineratu zutenez, Jaurlaritzak baldintza horiek betetzen dituzten EAEko udalerrien zerrenda argitaratu zuen, baita Zumaiak puntu horiek betetzen zituela iragarri ere. Izendapena formalizatzeko eskaera aurkezteaz gain, mozioak jasotzen duen beste puntu batean udalak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari "ez dezala etxebizitzaren legearen garapena oztopatu eta erraztu dezala eremu tentsionatuen izendapena".

EAJren abstentzioa

Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotzi Xabier Odriozolak bera kide duen udal taldearen abstentzioa iragarri zuen. Onartu zuen Zumaian etxebizitza bat eskuratzea "arazo larria" dela, eta alokairuaren prezioak jaisteko pausoak ematearen alde ere agertu zen. Hala ere, gaia udaleko batzordeetan hitz egin beharko litzatekeela ere defendatu zuen zinegotziak, eta gogoratu zuen Espainiako kongresuak onartutako Etxebizitza legeari errekurtsoa jarri diola Eusko Jaurlaritzak autogobernuaren konpetentziak urratzen dituelakoan.

PSE-EEko zinegotzi Duñike Agirrezabalagak onartu zuen Zumaia tentsiopeko eremu izendatzeak ez duela herriak bizi den etxebizitza arazoari behin betiko soluziorik emango, "baina alokairuen prezioen jaitsieran lagundu dezake. Zumaian arazoak ari dira sortzen eta soluzio bat behar du". Horrekin batera, eta mozioak jasotzen duen bide beretik, sozialisten bozeramaileak eskatu zion Jaurlaritzari lege hau aplikatzeari oztoporik ez jartzea.

Zentzu horretan, Iñaki Ostolaza alkateak gogoratu zuen Eusko Legebiltzarrak 2015. urtean onartu zuela EAEko Etxebizitza legea, "EH Bilduren eta Alderdi Sozialistaren aldeko botoekin", eta urte hauetan ez duela Eusko Jaurlaritzak aplikatu, "bere ustez, berme juridikorik ez zuelako". Espainiako parlamentuak onartutako legeari aurkeztutako errekurtsoaren atzean jeltzaleen "gai politikoak, baita ideologikoak" daudela iritzi zion alkateak, eta salatu zuen neurri hau hartu izana Eusko Legebiltzarra itxita dagoenean.

EAJko Iker Mardarasek hartu zuen hitza, eta alkateari erantzun zion Espainiako legeari errekurtsoa "Eusko Jaurlaritzak aurkeztu diola, bere zerbitzu juridikoen bitartez, eta ez EAJk". Gogoratu zion legea indarrean dagoela "helegitea aurkeztu bada ere", eta errekurtso hori aurkezteko arrazoia ez dela ideologikoa, "autogobernuaren defentsa baizik. Beldurra dugu lege hau gure autogobernuan sartzen delako, eta segurtasun bat izateko jarri da helegitea", nabarmendu zuen Mardarasek.

Zumaia tentsiopeko eremu izendatzeko mozioak aldeko 11 boto (EH Bildu 10 eta PSE-EEren bat) jaso zituen; EAJ (5), berriz, abstenitu egin zen.

Martxoaren 8ari buruzko mozioa

Emakumeen Nazioarteko Eguna da martxoaren 8a, eta horren inguruko mozioa ere aztertu zuten osteguneko plenoan. Azken orduko negoziazioak ere izan ziren udalean ordezkatutako alderdien artean. Izan ere, EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako dokumentuan jasotzen den puntu batekin desados zegoen EAJ eta puntuak banan-banan bozkatzea eskatu zuen. 

Mozioaren lehen puntuarekin erakutsi zuten jeltzaleek desadostasuna. Hala dio puntu honek: "Mugimendu Feministarekin batera Herri Akordioarekin bat egin eta landutako puntuak espazio partekatuen aurrera eramatea, Zaintza mahaietan besteak beste". EAJren arabera, Herri Akordioak "irain larriak" jaurtiki dizkio alderdi jeltzaleari. "Gure helburua adostasun osoa lortzea da. Beste puntu guztiekin ados gaude, baina lehenengoarekin ez. Eraso eta baieztapen faltsoak esan dira, eta ezin ditugu onartu gezurrak direlako. Horregatik, puntuak banan-banan bozkatzea eskatzen dugu, bestela ezezkoa eman beharko diogu mozioari", azaldu zuen Xabier Odriozolak (EAJ).

Mozioko lehen puntu horrekin "oso ados" ez zegoela ere esan zuen PSE-EE-ko Duñike Agirrezabalagak, "baina adostasuna garrantzitsua da. Desadostasunak alde batera utzi eta batzen gaituena bilatu behar dugu. Ez dugu bat egiten Herri Akordioak esaten duen guztiarekin, baina egun horretarako keinu bat izan behar dugu".

Iñaki Ostolazak, bere aldetik, salatu zuen Eudelen gai honen inguruan EH Bilduk aurkeztutako ekarpena alde batera utzi zela. "Horregatik aurkeztu du EH Bilduk bere proposamena plenora, baina kontsentsua da hemen garrantzitsua". Koalizioak hasiera batean aurkeztutako mozioa plenotik ateratzeko erabakia hartu zuten, eta sozialistek egindako ekarpenekin osatutakoa aurkeztu zuten haren ordez.

Hala, udalbatza hasi aurretik adostu zuten mozioko lehen puntu hori aparte bozkatuko zutela eta dokumentua osatzen zuten beste seirak batera. Mozioko lehen puntuak aldeko 11 boto jaso zituen (EH Bildu eta PSE-EE-renak) eta kontrako bost (EAJrenak); ondorengo sei puntuak, berriz, aho batez onartu zituzten.