Erakusleihoa, ariketa estetiko moduan

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 3a, 11:00

Duela 20 urte ingurutik eta bi hilabetean behin, erakusleiho desberdin bat ikus daiteke Cinto Gaztañaga hortz klinikan, horrek autobus geltoki aldera duen txoko txikian. Negozioa eskualdatu badute ere, ohiturak aurrera darrai, eta arduradunek ez dute hori aldatzeko asmorik. Urtarrileko Baleike aldizkariko erreportajea da honakoa.

Ez da ohikoena hortz klinika batean bi hilabetean behin aldatzen dituzten dekorazio erakusleihoak aurkitzea. Herrian, ordea, bada hori egiten duen negozio bat, Cinto Gaztañaga hortz klinika, hain zuzen ere. Gaur egun erretiroa hartuta dago Ramon Gaztañaga dentista, baina berak 2002an, duela 20 urte inguru, hasitako usadioak, gaur egunera arte iraun du.  

Istorioaren hasiera "bitxia" izan zela azaldu du. Orain Kantauri Plazan badago ere, lehen, pisu batean zegoen klinika, eta hori kalera jaitsi nahi zutela azaldu du Gaztañagak. "Kuadernotxo bat nuen, eta bertan idazten nituen klinika berrirako nahi nituen gauza guztiak. Artean, asko joaten nintzen Donostiara, eta Matia kalean bazegoen erakusleiho txiki bat zeukan farmazia bat. Arreta deitzen zidan, eta emazteari esan nion ideia polita izan zitekeela gurean ere horrelako zerbait egitea", esan du Gaztañagak.  

Gauzak nola tokatuko, eta bikoteak bazuen lagun bat erakusleiho apaintzailea zena, Ixa Arlegi lesakarra. Bartzelonatik Donostiara joana zen garai hartan bizitzera bikotearekin, eta Gaztañagak farmazia horretatik pasatzeko eskatu zion Arlegiri, bere asmoa ere erakusleiho txiki bat jartzea zela esan zionean. "Ixak hura ikusi eta horrelako zerbait egitea erronka bat izango zela esan zidan", gaineratu du dentista ohiak. Arlegik ere ondo gogoan du dei hura. Izan ere, erakusleiho apaintzailearen hitzetan, Gaztañagak garbi utzi zion eskaparate horietan ez zuela odontologiarekin zerikusia zeukan ezer nahi, baizik eta zerbait "polita" egitea zela asmoa. "Askatasun osoa eman zidaten nahi nuena egiteko, eta horrela jarraitzen dut gaur egun ere", gehitu du Arlegik.  

Erakusleihoak bi hilabetean behin aldatzen dituzte, eta aipatu bezala, Arlegik askatasun osoa du horietan zer jarri erabakitzerako momentuan. "Saiatzen naiz gehiegi ez korapilatzen eskaparate horiek. Azken finean, lekua ez da oso handia, eta nire lan egiteko modua ere oso gertukoa eta familia girokoa denez, ez ditut oso gauza sofistikatuegiak egiten", dio lesakarrak. Hori horrela izanda ere, Gaztañagak dio bera beti egoten zela "zain eta gogoz" erakusleiho berriak ikusteko. 

Usadioak bere horretan 

Ia 25 urte igaro dira Arlegik lehen erakusleiho hura jarri zuenetik, eta munduan zehar milioika gertakizun izan diren arren, gauzak gutxi aldatu dira Cinto Gaztañagako erakusleihoen aferan. Aldaketa nagusiena, ziur aski, Gaztañagak erretiroa hartu izana da, baina ohitura luzea ez da eten hala ere. Jon Aseginolazak hartu zuen negozioaren batuta orain urte batzuk, eta bere hitzetan, ez du momentu batean ere pentsatu ohitura horri amaiera ematerik: "Zergatik aldatu behar dut ondo doan zerbait? Ez dauka zentzurik. Kontuan hartu behar da, gainera, dentistok txandaka egiten dugula lan, eta beste lankideekin hitz egiten duela Arlegik. Bere jarduerak ez du inondik inora eragozpenik suposatzen guretzat", esan du beasaindarrak. 

Arlegi gustura joaten da Zumaiara, eta azaldu du blokezka egiten duela lan, horrek gauzak hobeto kalkulatzen laguntzen diolako. Materialei dagokionez, mota askotakoak erabiltzen ditu, baina garrantzia berezia ematen dio kalitateari. "Interneteko garaiotan, geroz eta zailagoa da kalitatezko materiala aurkitzea, baina ahalegina egiten dut. Izan ere, ez zait gustatzen erakusleihoak apaintzea edozein lekutan ikus daitezkeen gauzekin" dio. Horretaz gain, simetriekin, errepikapenekin, koloreen nahasketarekin edo bolumenarekin jokatzen du lesakarrak erakusleihoak sortzerako garaian.  

Kristalaren beste aldea 

Erakusleihoak garrantzia asko badu ere, garrantzia bera du herritarrek eskaparateen inguruan duten iritziak ere. Gaztañagak azaldu du Arlegiren erakusleihoen zergatia bilatzen ibiltzen omen zirela zenbait herritar bere garaian, eta bazeudela Arlegik erakusleiho berria noiz jarriko zain egoten ziren herritar batzuk ere. "Jendeak, zalantzarik gabe, jakin nahi zuen nor zegoen horren atzean, eta galdetzen zidatenean, istorioa kontatzen nien", gaineratu du Gaztañagak. Aseginolazak zera gehitu du: "Agian hortz klinikek badute itxura hotza, eta erakusleihoek zertxobait goxatzen laguntzen dute".  Gainera, hirurek azaldu dute jendearen kritika onak jasotzea beti dela "pozgarria", horrek esan nahi duelako jendea fijatzen dela euren negozioan ere.  

Kritika onak jaso arren, lesakarrak azaldu du erakusleihogintzak izan dituela aldaketak, eta atentzioa jartzeko moduko zerbait ere badela errealitate hori. "Denda handi askok, adibidez, geroz eta argiztapen eta propaganda gehiago sartzen dute, eta goxotasun hori galdu egiten da nire ustez. Ez ditut horiek kritikatu nahi, baina kezka sortzen dit horrek", azaldu du. Aldaketak aldaketa, aurrera begira, bi aldeek garbi dute usadioarekin jarraituko dutela. "Harreman polita dugu, eta ondo eramaten gara. Jendeak goza dezala erakusleihoez", dio Aseginolazak.