Talde berri onenaren Gaztea Saria irabazi du Eirek

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 29a, 10:00
Eire Salegi eta Eire Maia atzo, Gaztea Sarietarako sarrerako photocallean. (Gaztea)

Eire Maiak eta Eire Salegik osatutako bikoteak talde berri onenaren saria jaso zuen bart Euskaldunan egindako ekitaldian.

Bilboko Euskaldunak hartu du azken bi egunetan aurtengo Gaztea Sariak. Gaztea irrati kateak antolatutako kontzertuak eta sari banaketak izango dira bertan egun hauetan. Atzo bertan Gorka Urbizuren kontzertua izan zuten bertaratu zirenek, baina aurretik talde berri onenaren saria ere banatu zuten. Eire bikoak eraman zuen garaikurra, Gazteako erredakzioak hala erabakita.

Eire Maiak eta Eire Salegik osatutako bikoak iaz, Durangoko Azokako atarian publikatu zuen Zauriren bat bistan izeneko EPa. "Dudarik gabe, urteko aurkikuntza preziatuenetarikoa izan da Eireren musika", azpimarratu dute Gazteako arduradunek.

Irribarretsu atera ziren Maia eta Salegi agertokira saria jasotzera, eta pozik agertu ziren. Gaur Euskaldunan bertan jotzeko gonbidapena ere jaso zuten bi gazteek. 

Hemen ikus daiteke sari baneketaren bideoa: