Nolako herria: elkarrizketak 2024

"Saltoki handietara joaten gara, erosotasunarengatik batez ere"

Lorea Mancisidor 2024ko ots. 2a, 11:31

Nerea Etxaberi elkarrizketa hau egitea erabaki dugu, Zumaiako herriko merkataritza eta denda txikiak 2050ean nola irudikatzen dituen jakiteko.

Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak?Saltoki handietara joaten gara, erosotasunarengatik batez ere, ordutegiarengatik eta dana eskura dagoelako, bai jatekoa, arropa… egun berean erosi dezakezu, azkarrago. Agian goiz batean asko mugitu gabe gauza pila bat eros ditzakezu, desberdinak.

Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Nik internet bidez ez daukat joerarik erosteko, ez dut inoiz erosten eta ez diot abantailarik ikusten, ez baldin bada kasu berezi eta konkreturen bat, ezin duzuna bilatu beste dendetan eta beharrezkoa duzuna lortzeko.

Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzak saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Saiatzen gara ahal dugun gehiena herrian gastatzen baina lehen esan dudan bezala ordutegi desegokiagaitik edo beste edozer gauzengaitik, jendeak joera du saltoki handietara joateko eta berez egokiago da herri txikitako dendetan, bai kontaktuagatik, bai gertukotasunagatik ematen dizuen kariñoarengatik, harreragatik.. Askoz hobea da herriko merkataritza.

Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Bai beharrezkoa da ehuneko ehun, jendearekiko harremanarengatik, gertukotasunarengatik, konfiantzarengatik eta ematen dizun laguntzagatik, edota gomendatzeko garaian. Herrian erosten baduzu askoz erosketa hobea egiten duzu kanpora joanda baino.

Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke?
Nik botatzen dudana faltan, lagundu egin beharko litzaiekeela merkatari txikiei, baina ez gure artean ,baizik eta goitik, gobernuak edo Eusko Jaurlaritzak, goiko jendeak diru laguntzak eta baliabideak eman beharko lituzke herriko denda txikiak ez ixteko.