Lehen porrota jaso du lehen mailako Kbi xake taldeak

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 27a, 11:02
Zumaian jokatutako xake jardunaldi bateko artxiboko irudia. (Kbi xake kluba)

Idiazabalen aurkako partida galdu zuten larunbatean zumaiarrek. Hala ere, multzoko lider jarraitzen du Kbi A taldeak.

Denboraldiko lehen porrota jaso du Zumaiako Kbi xake klubeko A taldeak, Gipuzkoako ligako lehen mailako seigarren jardunaldian. Idiazabalen jokatu zituzten zumaiarrek jardunaldi honetako partidak, bertako klubaren aurka, eta etxekoak nagusitu ziren 2,5-1,5 emaitzarekin. Oier Sarasketa, Xabier Aranzabal, Erik Juez eta Fermin Lauroba aritu ziren Kbi A-ren izenean jokoan.

Sei jardunaldi jokatu ondoren, bere multzoko lider jarraitzen du Zumaiako xake klubeko taldeak, 16,5 punturekin, bigarren diren Alfil B eta Domusa Azpeitiak baino hiru puntu gehiagorekin. Datorren asteburuan Zumaian jokatuko dute eta Z.K.E. Zarautz B taldea hartuko dute Hogarreko bilera gelan.

Ez da jardunaldi ona izan azken hau Kbirentzako. Bigarren mailan dabilen B taldeak ere galdu egin zuen larunbatean, kasu honetan etxean Bergara A taldearen aurka. 1-3 emaitzarekin nagusitu ziren bergararrak seigarren jardunaldiko norgehiagokan. Kbi B-ren aldetik Miguel Angel Aguado, Beniaarbi Mohamed, Valeria Baez eta Endika Ruiz aritu ziren.

Jardunaldi honen ondoren bere multzoko seigarren postura jaitsi da Kbi B taldea: 10 puntu dituzte sailkapenean. Datorren asteburuan Txaturanga taldea izango du aurkari, Mutrikun. 

Gipuzkoako ligako hirugarren mailan ari den Kbi C taldeak, berriz, 0-4 emaitzarekin galdu zuen larunbatean Gros L taldearen aurkako norgehiagoka. Alaitz Irigoien, Asier Oliva, Mohamed Benabdallah eta Amine Benabdallah aritu ziren zumaiarren izenean. 

Zazpi jardunaldi jokatuta sailapeneko azken postuan dira zumaiarrak 7 punturekin. Datorren asteburuan Hondarribian izango dute jardunaldia, Hondarribia-Marlaxka D-ren aurka.