106 emakumek hartuko dute parte Lilatoian Emakumeon Etxearekin

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 27a, 14:00
Zumaiako Emakumeon Etxeko lagunak, lasterketa prestatzeko entrenamendu batean. (Zumaiako Emakumeon Etxea)

Datorren igandean, hilaren 3an korrituko da Lilatoia Donostiako kaleetan. Zumaiako Emakumeon Etxeak talde gisa hartuko du parte beste behin ere. 

Kirola eta aldarria uztartzen dituen Lilatoia lasterketa jokatuko da igande goizean Donostiako kaleetan. Milaka lagun bertaratuko dira karreran parte hartzeko asmoarekin, eta bertan izango da Zumaiako Emakumeon Etxea. Aurten ere talde gisa korrituko du proba: talde jendetsua aurkeztuko du, gainera. Izan ere, Zumaiako 106 emakume arituko dira Lilatoian Zumaiako Emakumeon Etxearen izenean.

Karrera prestatzeko entrenamendu saioak prestatu ditu etxeak azken asteotan, eta bihar egingo da azkenekoa. 18:30ean abiatuko dira korrikalariak etxe bertatik.

Igandean, berriz, goizeko 9:00etan aterako dira Zumaiatik Donostiara bidean. Ordu horretan, Patxita Etxezarreta kalean jarri dute hitzordua, Kantauri plaza pareko bus geralekuan. 10:30ean izango da lasterketa, eta behin amaituta, atsedenaldi baten ondoren, 13:30ean hartuko dute bueltako busa. Behin Zumaian, 14:30ean, bazkaria izango dute Emakumeon Etxean bertan.

Lasterketarako dortsalak eta kamisetak bihar arratsaldetik aurrera eskuratu ahal izango dira etxean, baita bazkarirako txartelak ere, azken hauek 10 euroan.