Urolak gainezka egin du Oikian

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 27a, 09:57
Torrontegi baserriko baratzeak urez estalita. (Rafael Manzisidor)

[EGUNERATUTA] Urola ibaia atera egin da Oikian eta errioaren inguruko zelaiak urez estali ditu.

Azken egunetako euriteen ondorioz Urola eta Arroaerreka ibaiak indarrarekin jaisten ari dira. Euskalmeten datuen arabera, Aizarnazabaleko estazioaren egoera alerta laranjara heldu du eguneko lehen orduan eta maila gorrira ere heldu da arratsaldeko lehen orduetan. Horrek eragina izan du Oikia inguruan. Hasieran Torrontegi baserri parean atera da ibaia, eta orduek aurrera egin ahala Mantzior zubi inguruko zelaiak ere estali ditu urak. 

Artadi azpian, Oikiara bidean, Urolak bihurgunea hartzen duen gunean dagoen Torrontegi baserri parean atera da ibaia eta bertako baratzeak urez estali ditu goiz partean. "Itsasgorak ez du zer ikusirik izan", azaldu du baserriko jabe Rafael Manzisidorrek. "Marea goian dagoenean ibaia mantsoago jaisten da. Orain indar handiarekin ari da jaisten, eta uste dut altuera handiagoa ere hartuko duela".

Oikian ere gainezka egin du Urolak, eta Artadirako zubira eramaten duen bidea ere estali du. Eguna aurrera joan ahala, Mantzior zubiko zelai guztiak ere urazpian geratu dira. WhatsAppeko kontu batean oikiar bat kexu zen ea zergatik ez zuten abixatu Ibai Eder presa zabalduko zutela. 

Zumaiako herrigunean ez du ibaiaren ur-goraldiak kalterik eragin. Ibaia indarrarekin ari da jaisten, eta bidean aurkitutako belarrak, adarrak eta bestelakoak ekarri ditu. 

Denboralea eguerdi ingururako baretu du, nahiz eta aste osorako dagoen eguraldi txarra aurreikusita.