Hamaika argi gure euskarari

Santelmoetan

Imanol Azkue Ibarbia 2023ko mai. 1a, 11:00
Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza

Eduki hau 2023ko apirileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Sarritan entzun izan dugu Zumaiako jai patronalak eta handiak sanpedroak izan direla duela gutxira arte, eta lehen apenas ospatzen zituztela santelmoak. Baina orain ikusiko dugunez, XIX. mendearen hasieran ere ederki zelebratzen zituzten. Orduan ere poza eta algara izango ziren santelmoetan, baina liskarrak ere bai tartean, eta euskaraz haserretzen ziren zumaiarrak.

Oikiarrak eta okasioa

1801eko apirilaren 14a da, San Telmo eguna. Oikiar batzuek txanela hartu eta Zumaiara etorri dira, Urolan behera, jaietako arratsaldea pasatzera. Herriguneko Antonenekua tabernan sartu dira, baina eseri orduko, tabernariak abisatu die joateko, baten bat dabilelako haiek egurtzeko asmotan. Ez dute astirik izango, ordea, alde egiteko, eta pasada galanta emango diote haietako bati, Ascensio Gurrutxagari. Lesioak zirela-eta, lekukoei deklarazioa hartzen hasiko da alkatea, Jose Manuel Alzolaras, lan horietan idazkariak (Antonio Francisco Etxezarretak) eta probestuak (Agustin Urkiolak) lagunduta. Deklarazioetan, lekuko gehienek erabiliko dute "okasio" hitza, gaztelaniaz idatzitako testuetan. Euskaltzaindiaren Hiztegian, hauxe dago jasota: "3. Gip. Herr. Liskarra. Ik. sesio, armonia"; Elhuyar Hiztegian, berriz, hauxe: "2 iz. (G) (herr.) disputa, discusión, bronca, follón beti okasio bila dabil: anda siempre buscando follón okasioa atera: armar la bronca".

Ascensio Gurrutxagak, astinaldia jaso zuenak, hauxe dio bere adierazpenetan, tabernan eseri ondorenean zer gertatu zen:

"en donde mandaron sacar media azumbre de vino, y antes de acabar de beberlo, vino la tabernera vieja, no sabe su nombre y apellido, y le dijo a Bernardo de Larrañaga [beste oikiar bat, Ascensioren laguna] que se separasen de allí porque savía venían a darles ocasión, sin decirles quienes".

Hain zuzen, Maria Josefa Mendizabal zen tabernari zaharra, eta hauxe deklaratu zuen:

"y como otra cosa le llamó a Bernardo de Larrañaga, y le dijo que seguramente hiban algunos hombres a darles ocasión, y que lo mejor que harían sería desocupar y salir inmediatamente (...). Preguntada de donde savía que algunos hombres hivan o subían a darles ocasión a los de Oyquina que estaban bebiendo en la sala de su casa? Respondió que su hija Francisca de Uranga le dijo subiese luego y les previniese a los hombres de Oyquina para que se desocupasen la sala porque seguramente les hivan a dar ocasión".

Gero deklaratu zuen Francisca Urangak, tabernari zaharraren alabak, eta hark ere antzeko hitzak erabili zituen, baina okasio hitza, gainera, galdera-ikur artean dago jasota: "la previno su madre Maria Josefa de Mendizabal fuese aprevenirles a estos que desocupasen la sala y bajasen temerosa de que hubiese alguna camorra, ¿ocasión?". Haren deklarazioan, bada beste bitxikeria bat ere, tabernako eskaileretan behera zihoanekoa, bi lagun topatu zituenean: "a Joseph de Chapartegui, y a Jose Vicente, cuio apellido ignora, hijo de Francisca Dendari, que suvian con vino"6. Ogibideak eman zion ezizena amari, eta euskaraz, gainera.

Azkenik, hauxe Bernardo Larrañagaren deklarazioa: "que aluego que subieron llegó la tabernera vieja, y habiendole llamado separadamente le dijo al declarante que saliesen luego, porque savía que había ocasión de camorra".

Deklarazioan, Ascensio Gurrutxagak adierazi zuen ezagutu zuela lehen kolpea eman ziona, Jose Txapartegi, eta haren anaia eta beste lehengusu batzuk ere bazeuden, tartean. Tabernako eskaileretatik behera kolpeka jaitsarazi eta kalean plazaraino (Sanjuaniturriraino) bidean astindu zuten. Itxuraz, lehen ere izan zuten elkarrekin okasioa Ascensio Gurrutxagak eta Jose Txapartegik, Zarautzen azken balea hil zutenean, eta txapartegitarrak ez zeuden ahaztuta.

Enbusteroak

1813ko apirilaren 26an gaude, astelehenean, San Telmo egunean. Ohi bezala, txalupetako nagusiak eta marinelak elkartu eta bazkaria egin dute, txalupa bakoitzak bere aldetik, jaieguna ospatzeko, eta bazkalondoaren beroan, ontzietako maisu batzuk elkartzen joan dira, eginkizun batekin: Juan Bautista Ibarguren itsas maisuari zor duena eskatzea eta kobratzea; izan ere, Ibarguren (ezizenez Cornejo) "lancha de flete" bateko patroia da, Gorostiaga baserriko bizilaguna, eta ez du ordaindu San Telmo Kofradiaren gastuetarako itsasontzi guztiek (bai arrantzakoek, bai merkataritzakoek) eman beharreko dirua.

Maisuek deitu diote Ibargureni beraiengana joateko, kartetan jokoan ari baita tabernan lagunekin, baina hark erantzun du ez daukala zertan joan, beraiek ez direlako maila goragoko pertsonak, inor deitzen ibiltzeko; itsas maisuak hain daude berotuta eta haserre, udaletxera joan dira eta eskatu diote alkateari (Jose Ramon Etxezarretari) lehenbailehen joanarazteko; baina Ibarguren ordurako alde egina da Askizura, enkargu bat egitera, pasajeko barkoan errioa pasatuta. Maisuak sutan daude, builaka eta biraoka hasi dira, uste dutelako alkateak edo udal idazkariak abisatu egin diotela Ibargureni zer asmo zeukaten; ardaila eta eskandalu haren erdian, bereziki nabarmendu da Jose Ignacio Txapartegi, alkatearen ustez errespetua galduta eta gaizkiesaka; alkateak ezin du kalmatu eta kartzelara eramateko mehatxua ere egin behar izan dio, baita hara abiatu ere, baina berriz ere atzera egin dute, barkamena eskatzekotan; Txapartegik, ordea, barkamena eskaerarik ez, eta are gogorrago ekingo dio, eta azkenean kartzelan sarraraziko du alkateak. Txapartegiren lagunak ez daude erabakiarekin konforme, eta hura kartzelara eramanez gero, denak eramateko esan diote alkateari. Azkenean, lasaitu dira denak, eta hurrengo egunean, berriz ere elkartuta eta Ibarguren Cornejo propio etorrarazita, argituko dituzte kontuak eta kitatuko dituzte zorrak. Hala ere, gertaerak larriak zirelako eta batez ere autoritatea iraindu zutelako, ofiziozko autoa hasi zuten, eta dokumentu zoragarri batean dago jasota guztia. Banan- banan, denek (txalupetako maisuek, probestuak, lekukoek...) deklaratuko dute Juan Bautista Urbieta eskribauaren aurrean.

Deklarazioetako batzuetan, erraz ondoriozta daiteke euskaraz aritu zirela lekukoak; izan ere, eskribauak propio adierazten du amaieran euskaraz azaldu ziela gaztelaniaz idatzi zuena: Francisco Gurrutxagaren deklarazioan, "Y habiendo leido y dado a entender en este presente acto al declarante en lengua bulgar el contenido del referido testimonio"; Antonio Francisco Olaizolaren deklarazioan, edanda zegoela eta ez zela ezertaz akordatzen adierazi ondoren, amaieran, "se afirmo y ratifico leyendosele en lengua bulgar de Bascuence"; Geronimo Albisurenean, "Que lo que he puesto es la verdad por el juramento que lleva prestado y leidosele en lengua vulgar vascongada se afirmó y ratificó y no firmó asegurando ser de edad de veinte y un años", baita Melchor de Zubiaren deklarazioaren amaieran ere, "Que lo que he puesto es la verdad por el juramento que tiene hecho, leidosele en lengua vulgar vascongada se afirmó, ratificó y firmó"; Roque Ibarraren deklarazioan, amaieran, "en que afirmó y ratificó despues dela lectura en bascuence"... Hau da, denek euskaraz deklaratu zuten, eta idazkariak gaztelaniaz jaso zituen idatziz haiek euskaraz adierazitakoak, eta amaieran, berriz ere euskarara itzuli zien deklarazioa eskribauak, berresteko.

Baina bereziki interesgarria da Agustin Urkiola probestuaren deklaraziokoa, Txapartegik esandakoak hitzez hitz jasotzen dituelako, esan zituen bezala, euskaraz:

"Que en aquel momento fue llamado el Señor Alcalde a una taberna de aguardiente, y habiendo traído preso a Geronimo de Albisu por una camorra, abrió el testigo dicha puerta principal o exterior de la cárcel para introducirle en ella, y por este motivo se presentó en la indicada puerta principal Josef Ignacio fijándose allí y habiéndole mandado el Señor Alcalde que volviese a la pieza o división interior que le había señalado le contestó de esta manera: si señor hiré si Vm. y su padre embustero, (ó embusteros) me dan palabra de que me pagarán los seis mil y pico de reales que los embustes de Vms. se me hicieron suplir por cuenta de la villa, y se me están debiendo, y por cuanto esto dijo Chapartegui en bascuence, y según la locución de este idioma puede ser ambiguo si la palabra embustero recayó sobre el padre de su Vm. solamente ó si sobre ambos, aunque al testigo le parece que no solo sobre el padre sino también sobre el Señor Alcalde, y asimismo para quitar toda duda en cuanto a la significación o sentido en que Chapartegui usó de la palabra embustero, me manda su Vm. que ponga yo el escribano en Bascuence las mismas expresiones que refiere el testigo, y son las siguientes: Bai
jauna juangonaiz baldin bedorrec eta bedorren aita embusteruac beren embusteriyaquin quendu sisten sei milla ta pico errealac".

Alkateari berorika, eta zer eta iraintzeko, alajaina!

Epaiketaren ondoren, Txapartegiren ondasunen enbargoa agindu zuten, eta Agustin Urkiola probestua joan zenean Txapartegiren etxera, haren aitaginarrebak, Joaquin Galdonak, aurre egin omen zion: "Vino por detrás el Joaquín de Galdona y en tono incómodo o enfadado, expresó las palabras siguientes: 'Viene Vm. a mi casa, a saquear o robar, si agarro un palo lo haré que salga de ella y la limpiaré'". Probestuak atzera egin behar izan zuen, garbituko zuen beldurrez.