Hamaika argi gure euskarari

Mediku eta botikari euskaldunak

Imanol Azkue Ibarbia 2023ko api. 1a, 11:00
Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza

Eduki hau 2023ko martxoko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Ziria sartu nahi izaten digute gezurrezko eztabaida planteatuta, ezinezkoa balitz bezala mediku ona eta euskalduna izatea, baina auzia ez da atzo goizekoa, paperetan egiazta dezakegunez. Lehen, ordea, arrazoi gehiagorekin eta fundamentu handiagoarekin eskatzen zituzten mediku euskaldunak: gu, herrenka eta lotsatuta bada ere, erdaraz moldatzeko gai gara, osagile erdaldunaren aurrean azalpenak emateko; lehengo zumaiar gehien-gehienek, ordea, ez zekiten gaztelaniaz, eta nola azaldu zer gertatzen zitzaien edo nongo mina zeukaten sendagile erdaldunari? Nahita ere, ezin.

Lehen ere azaldu nuen Baleiken Zumaiako lehen medikuarena, baina bidezkoa iruditu zait laburtuta hona ekartzea, oso adibide argigarria delako azaltzeko Zumaia zenbateraino zen euskalduna 1850 inguruan. 1855ean, Zumaiako Udalak erabaki zuen medikuaren eta botikariaren plazak ateratzea, eta iragarkian, baldintzetan, Eusebio Gurrutxaga alkateak argi eta garbi adierazi zuen biek euskaraz jakin beharra: "advirtiendo que ambos profesores deberán poseer el idioma vascongado". Baina Zumaia ez zen izan herri bakarra; izan ere, garai bertsuan, antzeko lanpostuetarako, beste iragarki batzuetan ere halaxe eskatzen zutelako beste batzuek ere, adibidez, Lesakan, zirujaua ("en concepto de que deberán poseer el idioma vascongado"); Angiozarren, zirujaua ("los aspirantes deberán saber el idioma vascongado"); Anoetan, zirujaua ("Los aspirantes que precisamente deberán saber el idioma vascongado"); Getarian, mediku zirujaua ("advirtiendo que el profesor deberá poseer el idioma vascongado")...

Zumaiako mediku plaza hura betetzeko, 1856an, bi hautagai zeuzkaten aukeran zinegotziek: Manuel de Pedraza eta Toribio Ibaseta. Hautatzeko bozketa eginda, berdinduta geratu ziren biak, eta Udalak txostenak eskatu zizkion Gorteko Unibertsitate Zentraleko errektoreari Pedrazaren eta Ibasetaren ikasketen gainean, baita hark bidali ere: "las notas de ambos pretendientes son buenas, pero preferibles las del Señor Pedraza"; gainera, alkatearen ustez, kontuan hartu beharra zegoen eskarmentua: Pedrazak hamalau urte zeramatzan lanean; Ibaseta, berriz, hasi berria zen. Horretan ez zeuden ados zinegotzi guztiak, ordea, eta berriz ere bozketa eginda, atzera berdinduta geratu ziren, bi eta bi. Horregatik, zirt edo zart egiteko, erabaki zuten gaia herriko handixkiekin ("mayores pudientes") egiten zuten bilerara eramatea, eta han erabakitzea.

Handixkiak elkartuta, Eusebio Gurrutxaga alkateak Pedrazaren alde egin zuen garbi, nota hobeak eta eskarmentu handiagoa zeuzkalako. Orduan, hitza hartu zuen Sebastian Gartxotenea zinegotzi oikiarrak, eta azaldu zergatik zegoen hain kaskagogor Ibasetaren alde: "espuso que aunque el Señor Pedraza fuese preferido por la Universidad y tenía más práctica que el Señor de Ibaseta en su concepto este debía ser preferido por cuanto posee el idioma vascongado". Ez zen izan bakarra, gainera: bozketa eginik, zortzik egin zuten Ibasetaren alde eta seik Pedrazaren alde, eta, beraz, gehiengoak hala erabakita, Ibaseta hautatu zuten; horrela, euskalduna izan zen gure herriko lehen mediku zirujaua. Harrezkero, Zumaiako Udalak horrelako lanpostu bat (medikua, zirujaua, albaitaria, praktikantea...) atera eta bete behar izan duenean, (ia) beti berariaz kontuan hartu izan du hizkuntzaren gaia, batzuetan euskararen ezagutza baldintzetan propio adierazita. Baina argituko dugu hori hurrengo batean, gaiari berariaz helduta...

Lehen medikuarenarekin batera, 1856an, botikari plaza ere atera zuten, eta botikariak oso helduleku ona emango digu, gainera, hariari tira eta euskararen aztarnak ikusteko. Izan ere, medikuari bezala, botikariari ere ordaindu egin behar zitzaion, zumaiar dirudun bakoitzak hainbesteko bat, eta ordainparteak jasota daude 1856ko eta 1857ko pare bat dokumentutan, "Lista para la derrama del boticario" izeneko ordainparteen zerrendetan. Horietan, idatzita daude Zumaiako etxeen izenak eta zein bizi zen bakoitzean, eta dokumentua gaztelaniaz egonagatik, etxeen izenetan garbi ikusten da euskaraz izendatzen zituztela zumaiarrek: Palaciocoa, Indianocoa, Juanmarienea, Hospitalecoa, Marquescoa, Beduacoa, Frailetacoa, Chiliocoa, Capitanenea...; baita Oikiakoak ere: Vicarioechea, Condecoa, Lorecoa, Lasalde, Jesuscoa... Medikuaren ordainparteekin ere antzeko zerrendak daude, euskarazko izenekin, eta etxe eta baserri horietako askok zutik jarraitzen dute, gainera.

Beste adibide garbi bat ekarriko dugu. 1878an, Jose Manuel Fuentes zegoen mediku gure herrian, eta kexa egin zuen Zumaiako Udalaren aurrean, pobreen zerrendan sartutako batzuek berez ez zutelako han egon behar; izan ere, medikua behar zutenean, zerrenda horretakoek ez zioten ordaintzen medikuari, eta osagileak ikusten zuen batzuek bazeukatela nahikoa diru horretarako. Zerrendako izen batzuen ondoan, parentesien artean, ezizenak daude idatzita, euskarazkoak, herritarrek horrela ezagutzen edo izendatzen zituzten seinale: "Jose Zubia (Pasajero), Francisca Olaizola (motela), Julian Galdona (esquerra)...".

Zumaiarrek medikua eta botikaria beharko zituzten osasunez ondo ez zeudenerako, baina euskara garai hartan (ere) osasuntsu eta sasoi betean zegoen gurean.