Txapelak etxerako, Zumaiako 39. Herri Lasterketan

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 24a, 19:11
Irabazleak, garaipenaren txapela jantzi eta gero. (Mireia Galarza Bastida)

Proba luzean, Helene Alberdi eta Martin Amilibia zumaiarrak izan dira helmugara iristen lehenengoak. Lasterketa motzean, berriz, Sergio Agredas arrasatearra eta Sara Manzisidor zumaiarra izan dira azkarrenak. 

Urtero bezala, aurten ere korrikalariek ez dute hutsik egin Zumaiako Herri Lasterketan. 39. edizioa izan da gaurkoa, eta eguraldi kaskarra iragarrita bazegoen ere, azkenean ederki portatu da, euririk gabe egin baitute lasterketa korrikalariek. Iaz bezala, proba motza 5,1 kilometrokoa izan da, 17:00etan hasi dena, eta luzea, berriz, 10,2 kilometrokoa. Luze ala motz, dortsal guztiak salduta jokatu dituzte gaur bi probak. Guztira 400 pertsonek egin dute korrika, 100 korrikalarik proba motzean eta 300 inguruk luzean. Azken horretan, Helene Alberdi eta eta Martin Amilibia izan dira helmugara iristen lehenengoak, eta beraz, etxean geratu dira proba luzeko bi txapelak.

Amibilibia hasiera hasieratik jarri da lehenengo postuan, nahiz eta oso gertu jarraitu dioten atzetik aurkariek. Bigarren bueltan, ordea, tarte gehiago atera die bere lehiakideei, eta horrela lortu du aurreneko postuan helmugaratzea korrikalari zumaiarrak, 32 minutu eta 29 segunduko denbora lortuta. Bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenez hurren, Ruben Ruzafa aizarnazabaldarrak (32:56) eta Koldo Aiesta gasteiztarrak (33:14).

Helene Alberdi aise nagusitu da lasterketa osoan, eta ez du aurkaririk izan. Aurreko urtean ere irabazi zuen lasterketa bera Alberdik (36:18), eta aurten bi minutu baino zertxobait gehiago behar izan baditu ere helmugara iristeko, lehen postua eskuratu du (38:19). Bigarren izan da Idoia Nogales debarra (39:32) eta hirugarren Iruñeko Izaskun Olleta (39:47).

Bost kilometro pasatxoko probari dagokionez, Sergio Agredas arrasatearra izan da azkarrena gizonezkoetan (18:14), eta Sara Manzisidor zumaiarra emakumezkoetan (21:08). Bigarren, aldiz, Jorge Sainz zumaiarra (18:26) eta Ainhoa Usandizaga aiarra (21:52) sailkatu dira, eta podiuma osatu dute Bruno Nogueira asteasuarrak (18:29) eta Arantxa Atxega zumaiarrak (23:16) hirugarren postua lortuta. 

Hedabide honek bihar argitaratuko du lasterketako argazkiekin osatutako bilduma.

Ikusi hemen gaurko probako sailkapena.