Kultura eta feminismoa uztartu dituzte Torreberrin

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 24a, 13:30

Eterna dokumentalaren emanaldiaz gain, Mejillon tigre izeneko poesia emanaldia eskain zuten Eider Adeletxek eta Ane Zubeldiak. Egitarauak jarraipena izango du gaur, Zarautzen. 

Zumaiako Mugimendu Feministak eta MEFSST Musika Errebolta Feministak elkarlanean antolatuta, Eterna dokumentalaren emanaldia izan zen atzo Aita Mariko zinema aretoan. Rap abeslaria, olerkari feminista eta Andaluziako (Espainia) politologoa izan zen Ana Isabel Garcia Llorenteren inguruko ikus-entzunezkoa da, Gata Cattana izenez ezagunagoa. 2017an zendu zen, eta haren legatua dute hizketagai dokumentalean zenbait artistak, tartean, Sara Socasek eta Mala Rodriguezek.

Ondoren, Torreberrin jarraitu zuten ekintzekin parte hartzaileek. Bertan, mokadutxoa jateko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta ondoren, 22:30ean, Mejillon tigre izeneko poesia emanaldia eskain zuten Eider Adeletxek eta Ane Zubeldiak. Eider Perez eta Ane Garcia izena dute bi sortzaile horiek, baina haien literatur lanak argitaratzeko amonen abizenak baliatzen dituzte. Bikote hori Hitz esana emanaldiarekin bira txiki bat egiten ari dira Euskal Herrian barrena. Zumaiako ekintzak Balklava DJaren emanaldiarekin amaitu zituzten. Gaur, berriz, Zarautzen jarraituko dute ekintzek.

(Argazkiak: Maria Maya Manterola)