Estimulazio psikoemozionalari buruzko ikastaroak eskainiko ditu UKUEk

Andrea Zipitria 2024ko ots. 24a, 11:00
Izen ematea zabalik dago jada bi ikastaroetarako.

Martxoaren 4tik 7ra bitartean emango da ikastaroa Zarautzen, Oteitza lizeo politeknikoan, eta Zaintza Urola Kosta programaren barruan sartzen da.

Zaintza arloan lan egiten duten edo lan egin nahi duten herritarrei zuzendutako estimulazio psikoemozionalari buruzko doako ikastaroa eskainiko du Urola Kostako Udal Elkarteak martxoan. Zaindu Urola Kosta programaren barruan antolatutako ikastaroa da, eta helburu du "helduen zaintzan positiboki eragitea eta, horrekin batera, zaintza sektorea profesionalizatu eta arlo honetan lan egin nahi dutenen ezagutzak areagotzea".

Ikastaroa Matia fundazioak gidatuko du. Martxoaren 4tik 7ra bitartean emango da, 15:00etatik 17:30erako ordutegian, Oteitza Lizeo politeknikoan. Pertsonen bizi-historia, gustuak, beharrak eta lehentasunak ezagutzeko estrategiak aztertuko dira, baita eguneroko bizitzan zentzua duten jarduerak nola sustatu ere; eta eguneroko errutinen balio terapeutikoa ere landuko dutela azaldu dute antolatzaileek.

Izen ematea zabalik dago jada. Horretarako, interesdunek Urola Kostako Udal Elkartera deitu beharko dute (943-89 08 08), edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi. Udal Elkarteko lan poltsan izena emanda izatekotan, berriz, www.enplegua-urolakosta.org webgunearen bitartez egin daiteke inskripzioa.