'Negu hurbilak' filma aurkeztuko dute egileek Zumaian

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 23a, 09:30

Ekain Albite zumaiarra eta Mikel Ibarguren zestoarra dira filma zuzendu dutenetako bi, eta lana aurkezten izango dira igandean Aita Mari aretoan, 19:30ean.

Zortzi eskuren artean ondu duten Negu hurbilak filma emango dute bihartik astelehenera bitartean Zumaiako Aita Mari zinema aretoan. 19:30ean izango dira saioak, eta berezia izango da igandeko pasea. Izan ere, Ekain Albite zumaiarra eta Mikel Ibarguren zestoarra, biak ere filmaren zuzendariak, lana aurkezten izango dira Zumaiako zinema aretoan. Filma hasi aurretik aurkezpena egingo dute, eta, amaieran, solasaldirako tartea izango da. Sarrerak salgai daude dagoeneko sarrerakzumaia.eus webgunean.

ortasun irrikari buruzko film bezala definitzen dute Negu hurbilak, eta ihesaldi baten istorioa kontatzen du. Neska gazte batek ihes egiten du helburu argi batekin: muga zeharkatzea. Bere ihesaren erdian Zubietara (Nafarroa) iristen da, antzinako mito eta gatazka modernoek bat egiten duten mugako herri batera. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutaturik, itxuraz harria bezain geldirik dagoen egunerokotasuna ikusten hasi da.

Zubietan gauzatu dituzte filmatze lanak, eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur –2021eko emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna Ane filmean egindako lanarengatik–izan da aktore profesional bakarra, emakume protagonistaren azalean. Albitez eta Ibargurenez gain, Nicolau Mallofre eta Adria Roca zuzendariek osaturiko Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da Negu hurbilak, eta Maluta* films eta Cornelius Films izan ditu ekoizle.

Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdian Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu zuten, eta, ordutik, beste hainbat zinemalditatik igarota osatu dute bidea. Ostiral honetan estreinatuko dute zinemetan, eta larunbatean, igandean eta astelehenean ikusi ahal izango da Aita Mari aretoan.