Nolako herria: elkarrizketak 2024

"Edozein arazoren aurrean ere saltzaileak erantzungo dizun konfiantza hori ordainezina da"

Manex Narbaiza 2024ko ots. 1a, 12:31

Herriko merkataritzaren garrantziaz eta etorkizunaz zer iritzi duen galdetu diogu Edurne Aizpuruari.

Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak?Nire ustez, egungo bizimoduarekin lotura zuzena du galdera honek. Izan ere, gaur egun denbora gutxi daukagu edozer gauza egiteko, beti gabiltza korrika eta presaka eta erosketak egiteko momentuan ere saltoki handi hauek edukita erosteko behar dugun guztia leku bakar batean dago eta kopuru edo aukera handietan. Nire ustez horregatik dira hain erakargarriak.

Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Batez ere, batzuen ustez behintzat, erosotasuna da giltza. Norbait etxean dagoenean, eguneko edozein momentuetan, zuk klik bat eginez erosketa egin dezakezu eta zenbaitentzako hori oso aukera erakargarria da. Horrek esan nahi du etxetik atera gabe edo nahiz eta lanean egon, behar diren erosketak egin daitezke, eta horrek erosotasuna ekar dezake.

Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzak saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Zalantzarik gabe, batez ere nire ustez indargunerik handiena da tratua eta harremana. Azkenean herriko jendeak herriko jendeari saltzen dio normalean ezagunak ezagunari eta hor sortzen den harreman hori oso garrantzitsua da eta nik uste dut hor dagoela indargunerik handiena; konfiantza, edozein arazoren aurrean ere saltzaileak erantzungo dizun konfiantza hori ordainezina da.

Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Nire aurreko erantzunarekin lotuta gauza bera esango nuke; nire ustez herriko merkataritza hil ala bizikoa da, izan ere horrek egituratzen eta estrukturatzen du herriko bizi guztia. Herri bat saltokirik gabe herri hila da azkenean hor harremanak eta konexioak sortzen direlako, hau da, jende artean bizitzeko hainbat eta hainbat alderdi positibo sortzen dituela herriko merkataritzak. Eta ezagunak ezagunari saltzen diola eta horrek konfiantzazko harreman bat ekartzen duela. Adibidez segurua herrian bertan kontratatzen bada, edo etxeko tresnak herriko saltoki batean erosten badira, edozein arazoren aurrean askoz ere errazagoa izango da saltzaile horrek zuri erantzun hobeago bat ematea, beste edozein enpresa ezezagun batek eskain ez dezakena.

Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke?
Nire ustez horrek lotura handia du gure eguneroko bizimoduarekin, eta galdera honen erantzuna oso zaila iruditzen zait. Salmentagune handietan konpetitiboagoak direla prezioari begira eta prezioa jaisteko ahalmen handiagoa dutela. Gaur egun badakigu nola dagoen egoera ekonomikoa etxeetan ere, eta orduan herrietako saltokietan prezioak ezin dute hain merkeak izan eta horrek arazo bat ekartzen du. Niri iruditzen zait kooperatiba formatuak gehiago bultzatu beharko litzatekela sare-lanean gehiago aritu beharko litzatekela eta horrela agian aukera gehiago sor daitezke.