Zenbait trafiko aldaketa eragingo ditu arratsaldean jokatuko den Herri Lasterketak

Maria Maya Manterola 2024ko ots. 24a, 09:00
Iazko haur eta gaztetxoen lasterketaren irudi bat. (Baleike)

Probak iraun bitartean, ibilgailuak "beharrezko eginkizunetarako soilik" erabiltzeko eskatu die udalak herritarrei. 

Dortsal guztiak agortuta jokatuko da gaur, larunbatarekin, Zumaiako 39. Herri Lasterketa. Hain zuzen, 100 partaide arituko dira 5.300 metroko lasterketan, eta 300 partaide 10.200 metrokoan. 

Udalak jakinarazi duenez, 15:30etik aurrera lasterketak eragina izango du inguruko errepideen trafikoan. Amaia plazako aparkalekuak kenduta egongo dira, batetik. Gainera, N-634ko biribilgunetik hasita Axular ibiltokiaren hasiera arteko bideko errai bat itxita egongo da 17:00etatik 18:00ak artean. Errepideak ez dira guztiz itxita egongo, eta udaltzainak eta boluntarioak ariko dira trafikoa bideratzen. Edonola ere, lasterketak irauten duen bitartean ibilgailuak beharrezko eginkizunetarako soilik erabiltzea eskatzen die udalak herritarrei.

Korrika saioak, txandaka

Bazkalondoan hasiko dira lehen korrika saioak, 15:45ean, hain zuzen ere. Gaztetxoak izango dira saltaka egiten lehenak, kimu mailakoak, eta, ondoren, infantilen eta kadeteen txanda izango da. Horiek Eusebio Gurrutxaga plazan hasi eta bukatuko dute ibilbidea. LH1etik 4ra bitarteko haurrek, berriz, Saregile plazatik Eusebio Gurrutxaga plazara bitarte egingo dute korrika, txandaka.

Kirolari helduagoen lasterketari ekingo diote gero. Proba motzean parte hartzen dutenek Erribera kale aldera joko dute lehendabizi, eta Amaia plazaren parean buelta eman ondoren, Txomin Agirre kaian barrena helduko dira Zumaiena ikastetxe parera.