Emakumeen Winter Series txapelketan izango da Frida Watkins zumaiarra

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 21a, 12:41
Frida Watkins IƱaki Osa Goikoetxea, gaurko aurkezpenean. (Eraman!)

Zumaiako Kirol Elkartean kide izan zuen Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrarekin osatuko du bikotea eta datorren astelehenean, hilaren 26an, jokatuko du txapelketako finalerdia. 

Gaur aurkeztu dute Durangoko Ezkurdi frontoian jokatuko duten emakumeen Winter Series zesta punta txapelketa. Zortzi puntista arituko dira lehian lau bikotetan banatuta. Horien artean izango da Frida Watkins puntista zumaiarra. Zumaiako Kirol Elkarteko pilotari gazteak orain urte gutxi klubeko kide izan zuen Maite Ortiz de Mendibil aurrelariarekin osatuko du bikotea.

Iaz antolatu zuten lehendabizikoz emakumeen txapelketa, eta orduan bezala Durangoko Ezkurdi frontoian jokatuko dira norgehiagokak. Bi finalerdiz eta finalaz osatuko da txapelketa, eta jardunaldi bakoitzean gizonezkoen banakako partidak ere jokatuko dituzte.

Lehen finalerdia datorren astelehenean, hilaren 26an jokatuko dute, eta Helena Barrenetxea-Arai Lejardi eta Maite Ortiz de Mendibil-Frida Watkins bikoteek jokatuko dute. 19:00etan jokatuko dute partida. 

Martxoaren 4an, ordu berean, jokatuko dute bigarren finalerdia Erika Mugartegi-Maialen Aldazabal eta Elaia Gogenola-Ihart Arakistain bikoteek. Bi finalerdietako irabazleek jokatuko dute Winter Serieseko finala, martxoaren 11n. Partida guztiak ETB-1ek emango ditu, 22:15etik aurrera.

Txapelketarako sarrerak eta bonoak eskuragai daude www.eramanjaialai.com webgunean.