Beharrak asetu nahian lanean

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 21a, 15:00
Astearteetan ematen dituzte arropak eta oinetakoak Apaizetxeko lokalean. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako hamalau boluntariok egiten dute lan Caritas elkartean. Astean bitan ematen dute arreta Apaizetxean duten lokalean. Beharra dutenak lotsa aldera batera utzi eta laguntza eskatzera animatu dituzte.

A zken urteotan egin bezala, abenduaren 24 arratsaldean kalez kale aritu zen Gabon Koruak Zumaiako Caritasentzako diru bilketa egin zuen. Gabonetan egindako kanpainan 5.000 eurotik gora bildu zituen abesbatzak. Aste batzuk geroago diru hori zertan gastatuko zuen xehatu zuten Caritaseko kideek. "Herritik jasotzen dugun dirua herrian beharra dutenei laguntzeko erabiltzen dugu".

Rosa eta Carmelo [ez dute abizenekin identifikatzerik nahi] Zumaiako Caritasen laguntzen aritzen diren boluntarioak dira, eta elkarteak Apaizetxean erabiltzen duen gelan bildu dira HITZArekin. Hamalau boluntario ditu gaur egun elkarteak, eta bilerak egiteko edota laguntza bila etortzen diren pertsonak artatzeko erabiltzen dute espazioa. Eraikinaren behealdean, Azpillaga iturgintzaren denda izan zen lokalean, gordetzen dute herritarrek emandako arropa: oinetakoak, galtzak, berokiak, eta abar luze bat.

Gurutze handi bat dago margotuta bilera gelako horman. Caritas, berez, Eliza Katolikoaren barruan sortutako elkartea da. Hala ere, Carmelok zein Rosak garbi utzi nahi dute laguntza bila etortzen direnei ez dietela galdetzen ea fededunak diren. "Inoiz ere ez. Laguntza bila etor daitezke fededunak, izan kristauak, musulmanak edo beste sinesmenen batekoak, baina baita jainkoengan sinesten ez dutenak ere", azaldu du Rosak. "Gure artean ere denetik dugu, mezetara joaten direnak eta sinesten ez dutenak. Gure helburua beharrean daudenei laguntzea da, ez besterik", gaineratu du Carmelok.

Astean bitan artatzen dute jendea Apaizetxeko lokalean. Astearteetan, iluntze partean, 19:00etan hasi eta ordubetez arropa, haurrentzako jostailuak edo janaria ematen dizkiete beharrean daudenei. Ostiraletan, berriz, beste behar batzuk dituen jendeari ematen diote arrera. "Alokairua ordaintzeko, dentistaren gastuak estaltzeko... Lehen lan hori apaizak egiten zuen, baina ardura hori gure gain hartu dugu. Dirua eskura ez diegu ematen; gu joaten gara fakturaketa ordaintzera, izan sendagileenak edo alokairukoak". Azken horri dagokionez, egonaldi luzeak ez dituztela ordaintzen ere gaineratu dute: "Gehienez bi hilabete ordaintzen ditugu". Zentzu horretan, garbi utzi nahi dute dirurik ez dutela inoiz izaten bulegoan. "Orduko apaizari lapurreta bat edo beste egin zioten, eta bulegoan dirurik ez edukitzea erabaki zen".

Hala, iaz 46 pertsonaren edo familiaren gastuak ordaintzen lagundu zuten; arropategian, berriz, 201 pertsona artatu zituzten. Behar larria izan edo aurreikusitako egunetan azaltzeko arazoak dituztenak telefono bidez ere jar daitezke Zumaiako Caritasekin harremanetan, 608 37 72 16 edo 608 30 91 15 telefono zenbakietara deituta.

Pobreziarena, "ikusezina baino, ikusi nahi ez den" arazoa dela azpimarratu dute Rosak eta Carmelok. "Badakigu herrian badagoela gaizki pasatzen ari den jendea, eta lotsagatik edo beste arrazoiren batengatik gugana ez dela etortzen; lagunei edo familiartekoei eskatzen diete momentu txar horietan laguntzeko". Lotsak eta harrotasunak alde batera uzteko eskatu diete boluntarioek herritarrei. "Hemen gertatzen dena hemen geratzen da", argitu dute.

Elkarteari laguntza eskaini nahi diotenak ere aipatutako egunetan edo telefono zenbakien bidez jar daitezke harremanetan kolaboratzeko. "Laguntzeko erabiltzen dugun dirua edo materiala zumaiarrek beraiek emandakoa da. Behar larriren bat dugunean Gipuzkoako Caritasekin harremanetan jartzen gara, baina normalean herritarrek emandakoa erabiltzen dugu herritarak laguntzeko", nabarmendu dute boluntarioek.

Larrialdi egoeran dauden guneetarako (Ukrainako gerra, Marokoko lurrikara...) diru hori erabili dutela ere azaldu dute, baita gobernuz kanpoko erakundeak laguntzeko ere. "Darahli edo Zaporeak ere lagundu ditugu. Erakunderen bat laguntzeko baldintza bakarra da zumaiarrek bertan parte hartu behar dutela". Herritarrek proiektu horietan kolaboratzeari uzten diotenean laguntza eten egiten dutela azpimarratu dute.

Ordezkoen beharra

Proiektuarekin aurrera jarraitzeko, ordezkoen beharra dutela ere adierazi dute Rosak zein Carmelok. "Gazte izerdia behar dugu proiektuak aurrera egin dezan. Horregatik animatu nahi ditugu gazteak laguntzera eta beharra dutenei babesa ematera".