Janire Gonzalez-Etxabarri Puerto Ricora, Annette Gonzalez-Etxabarri El Salvadorrera

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 20a, 15:30
Annette eta Janire Gonzalez-Etxabarri.

Bi surflari zumaiarrek Ameriketan izango dituzte hitzordu garrantzitsuak. Janire Gonzalez-Etxabarrik Puerto Ricon izango du Pariseko Joko Olinpikoetan egoteko azken aukera; Annette Gonzalez-Etxabarri, berriz, El Salvadorren izango du junior mailako munduko txapelketa.

Datorren ostiralean hasi eta martxoaren 3ra bitartean jokatuko da Puerto Ricoko Arecibon ISA World Surfing Games txapelketa eta bertan izango da Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarra. Ez da eskualdeko kirolari bakarra izango txapelketa honetan, Nadia Erostarbe, Keoni Lasa eta Kai Odriozola surflari zarauztarrak bertan izango direla.

Garrantzia berezia du txapelketa honek, aurtengo udan Parisek hartuko dituen Joko Olinpikoetarako azken txartelak banatuko direlako bertan. Emakumeetan zazpi plaza banatuko dira eta sei gizonetan.

Juniorrak El Salvadorren

Ameriketan baita ere, baina El Salvadorren jokatuko da junior mailako ISA World Surfing Championship txapelketa. Maiatzean izango dira mundu mailako surflari gazteak lanean, hilaren 3tik 12ra bitartean, hain zuzen.

Espainiako selekzioko hautatzaileak pasa den astean iragarri zuen zer surflari eramango dituen txapelketa horretara, eta horien artean da Annette Gonzalez-Etxaberri zumaiarra, 18 urtez azpikoen kategorian. Eskualdeko surflariei dagokionez, Oxel Oregi zarauztarra ere deitu dute. Hau 16 urtekoez azpikoan arituko da.