Sahararen aldeko lankidetza astea antolatu du Darahlik

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 19a, 16:51
Sahararen aldeko euskal karabana. (Darahli)

Datorren ostiralean hasi eta martxoaren 3ra bitartean ekitaldi sorta prestatu du Darahli elkarteak Sahararen aldeko lankidetza astean.

Argazki erakusketa, film emanaldia eta liburu baten aurkezpena izango dira, besteak beste, Zumaian datorren ostiraletik aurrera. Izan ere, azken urteotan egin bezala, Sahararen aldeko lankidetza astea antolatu du Darahli elkarteak.

Hasteko, ostiralean, otsailaren 23an, Darahli-Zumaia, Mendebaldeko Sahararekin urtez urte elkarlanean erakusketa zabalduko dute Alondegiko Oxford aretoan. Argazki erakusketa honek Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan egindako bidaietan bizitako esperientziak eta abian jarritako ekintza desberdinak iruditan jasotzen ditu. Izan ere, 2006. urtetik gaur egunera arte 500 gazte baino gehiagok izan du herrialde honek bizitako gatazkaren berri, baita errefuxiatuen kanpalekuen nondik norakoak ezagutzeko aukera.

Erakusketa martxoaren 3ra arte bisitatu ahal izango da Oxford aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan eguerditan ere zabalik izango da, 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketak irauten duen denboran eta espazio berean beste ekintza batzuk ere egingo dira. Hala, egun horietan Oporrak Bakean programaren txokoa ere izango da. Argazkien bidez, azken urteetan eskualdera etorritako haur sahararrek eta haien harrera-familiek bere txokoa izango dute. Elkartearen arabera, harrera-familia berriak lortzea du helburu espazio honek. Bideo eta informazio gunea ere izango da egun hauetan.

Beste ekintza batzuk ere izango dira. Ostiralean bertan, 18:30ean, Insumisas, mujeres en el Sahara Occidental dokumentala emango da, eta ondoren mahai-ingurua izango da Itsaso Anduezak gidatuta.

Larunbatean, hilaren 24an, eguerdiko 12:00etan hasita, umeentzako tailerrak eta jolasak egongo dira Oxford bertan.

Amaitzeko, martxoaren 1ean, ostirala, 18:30ean, Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztuko dute Berriako kazetari eta liburuaren egile Kristina Berasainek. Ondoren, kontzertua izango da Hayuh Ramsi sahararraren eta Eire zumaiarren eskutik.