Suhiltzaileek itzali behar izan dute Oikiako etxebizitza batean piztutako sua

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 19a, 08:34
Suhiltzaileak sua itzaltzen atzo Oikian sutea piztu zen etxebizitzan. (Zumaiako Udaltzaingoa)

Atzo arratsaldean jaso zuten deia Zumaiako udaltzainek, eta sutea izan zen etxeko eta ondoko etxebizitzako bizilagunak kalera atera behar izan bazituzten ere, inork ez zuen minik hartu.

Oikiako etxebizitza batean sua piztu zen atzo arratsaldean, eta suhiltzaileen laguntza behar izan zuten sutea itzaltzeko. Zumaiako udaltzainek 18:30 aldera jaso zuten bizilagunen deia, eta joan zirenerako bizilagunak kalean aurkitu zituzten. Pertsona batek etxean jarraitzen zuen, ordea, eta hura kanpora atera zuten, baita ondoko etxebizitzako bizilagunak ere, bada ez bada, suhiltzaileak bertaratu bitartean.

Udaltzainek hedabide honi jakinarazi diotenez, inork ez zuen minik hartu, eta ez dirudi suak kalte larririk eragin zionik etxeari.

19:30 alderako normaltasuna zen nagusi Meagatik Oikiara joateko bidegurutzean dagoen etxebizitza horretan.