Asteburuan ekingo dio Itxas Gain elkarteak piraguismo denboraldiari

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 16a, 11:00
Martin EgaƱa, pasa den astelehenean Itsas kiroldegi parean. (Juan Luis Romatet)

Neguko Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute igande goizean Zumaian. Udazkenean eta neguan egindako prestakuntzaren emaitzak erakusteko gogotsu daude zumaiarrak.

Asteburuan hasiko du Itxas Gain piraguismo elkarteak 2024ko denboraldia. Bi hitzordu izango ditu, gainera; larunbatean eta igandean txapelketa bana, hain zuzen. Neguan egindako prestakuntzaren emaitzak erakutsi nahi dituzte elkarteko kirolariek.

Etxean bertan izango dute, gainera, hitzorduetako bat. Ohi bezala, Zumaiak hartuko du neguko Gipuzkoako piraguismo txapelketa igandean. Parte hartzaileek 5.000 metroko proba egin beharko dute Urolaren itsasadarrean, 11:30ean hasita. Irteera eta helmuga Moilaberriko zubiaren parean kokatuko dira, eta ziaboga errioan gora eginda, Bedua inguruan emango dute berriro Zumaiako herrigunera bueltatzeko.

Aurretik, larunbatean, Plentzian jokatuko duten Bizkaiko txapelketan arituko dira Zumaiako kirolariak. "Berez, txapelketa hori aurreko asteburuan jokatu behar zen, baina bertan behera geratu zen eguraldi txarragatik, eta asteburu honetara atzeratu dute. Hala, larunbatean Bizkaiko txapelketa jokatuko dugu, eta igandean Gipuzkoakoa", azaldu du Martin Egaña infantil kategoriatik jubeniletarainoko Itxas Gaineko entrenatzaileak. Hura ere piraguista da, eta ez du hutsik egingo bi probetan; senior mailan lehiatuko da.

Piraguistak gogotsu

Kirolariak udazken eta negu garaian errioan egindako lanaren emaitzak erakusteko "gogotsu" daudela nabamendu du Egañak. "Jendeari ikusten zaio baduela egindako lana erakusteko gogoa. Etxean jokatuta, gainera, gogo handiagoa dutela nabari zaie".

Harrobiarekin egiten du lan Itxas Gainek. "Infantil eta jubenil maila artean 22 lagun ditugu, eta beste hamar kimuetan. Seniorretan eta beteranoetan ere jende dezente dugu", azaldu du entrenatzaileak.

Kirolak indar handia duen herri batean gazteak piraguismora erakartzen baino, horretan mantentzen dute lanik handiena, Egañaren arabera. "Uda garaian egiten diren ikastaroetara jende asko etortzen da, baina negua hurbiltzean, jendeak utzi egiten du. Kirol gogorra da, eta neguan egiten duen giroarekin ez da atsegina izaten ilunpean entrenatzea, haizerekina, hotzarekin... Futbola eta eskubaloia, adibidez, talde kirolak dira, eta alde sozialak asko laguntzen die jendea erakartzen. Gu ere saiatzen gara, baina ez da erraza".

Uda arte izango dituzte lehiaketak piraguistek, bai pistako zein ibaiko txapelketak, bai ligako jardunaldiak. Pistan edo maratoian, hobeto zertan moldatzen diren galdetuta, maratoia nahiago dutela adierazi du entrenatzaile gazteak.