Familientzako antzerki tailerra egingo da martxoaren 2an, 'Kutxartean' antzezlanari lotuta

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 17a, 14:00
Torreberrin egingo da antzerki tailerra.

Kutxartean haur antzerkia izango da Zumaian martxoaren 3an, igandean. Aurretik, hilaren 2an, familientzako antzerki tailerra egingo da. Interesdunek aurrez izena eman beharko dute.

Paraiso Antzerkia konpainiaren Kutxartean antzezlana ikusteko aukera izango da martxoaren 3an, igandean, eguerdiko 12:30ean Aita Mari aretoan. Sarrerak salgai jarriko dira datorren asteazkenean, hilaren 21ean, Turismo Bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean.

Kutxartean ikuskizunak mundua abentura handiak bizitzeko kutxa handi bat dela iradokitzen du. Bartolomeus eta Komino pozik bizi dira batak bestea duelako alboan, harik eta hirugarren pertsonaia bat agertzen den arte, zeinak kutxak lapurtuko dizkien eta beste bien arteko adiskidetasuna proban jarriko duen. Ikuskizun honek jolasaz gozatzera, lagunarteko zailtasunak gainditzera eta beste gizaki batzuekin batera edozein amets lor daitekeela irudikatzera gonbidatzen du.

Antzerki tailerra

Aurretik, larunbatean, familientzako antzerki tailerra egingo da Kutxarteanen eskutik. 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako jarduera izango da, eta Torreberrin egingo da hilaren 2an, 11:00etatik 12:00etara bitartean.

Interesdunek aurrez izena eman beharko dute. Horretarako, alondegia@zumaia.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute. Izena emateko epea otsailaren 19tik 28ra arte egongo da zabalik. Plazak mugatuak dira, eta aurreikusitako jende kopuruak baino gehiagok izena ematen badute zozketa egingo dutela iragarri dute antolatzaileek.